Donostiako euskaltegiek ireki dute matrikulazio epea neguko euskara ikastaroetarako

Actualizado: lunes, 4 febrero 2013 14:23
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Donostiako euskaltegiek zabaldu dute otsaileko matrikulazio epea eta neguan euskara ikasten hasteko interesa dutenek hilabete honetan zehar aukera izango dute matrikula egiteko hiriko edozein euskaltegitan.

   Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru-laguntzak ematen ditu euskara ikasteko eta otsailean hasten diren ikastaro hauetan parte hartzen dutenek otsailaren 1etik 28ra izango dute epea zabalik eskabideak aurkezteko. Eskaera Euskara Zerbitzuko bulegoetan egin ahal izango da, 9:00etatik 14:00etara (Konstituzio plaza, 2).

   Bestalde, neguko barnetegiak eta auto-ikaskuntza ikastaroak ere diruz lagunduko ditu Donostiako Udalak, eta eskabidea ikastaroa hasi eta bi asteren barruan egin beharko da.

   Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait diru-laguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten diru-laguntza jaso arren, Euskara Zerbitzuarena ere eskatu ahal izango du, betiere gainfinantziazioa ez dela izango ziurtatuz.

MERKATARITZA ETA OSTALARITZA

   Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroen eskaintza egin du berriro aurten. Otsailaren bukaeran abian jarriko diren ikastaroak merkatari eta ostalarien neurrira prestatuta daude, hizkuntzaren ezagutzan eta komunikazio gaitasunean urratsak eman ditzaten.

   Oinarrizko ikastaro praktikoak eskaintzen dira eta horien helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Ikastaroetan lan-esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza-oinarri batzuk jorratuko dituzte, hala nola oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak edo errotuluak.

   Bestalde, euskara jakin arren, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetu nahi dutenentzat ere ikastaroak eskainiko dira. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira, hala nola faxak, e-mailak, fakturak, gutunak edo erreklamazioak.

   Izena emateko epea astelehen honetan ireki da eta interesatuek otsailaren 15erako eman beharko dute izena Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, www.merkatari.net edo www.euskaraz.net webguneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea.

   Ikastaroak otsailaren bukaeran hasiko dira, hainbat euskaltegitan eskainiko dira eta hiruzpalau hilabete iraungo dute. Oinarrizko bi ikastaroak 60 ordukoak dira eta bakoitzarengatik 60 euro ordaindu behar da. Idazteko gaitasuna hobetzeko ikastaroak, berriz, 25 ordukoak dira eta 30 euro balio dute. HABEk eta Udalak diruz lagundutako ikastaroak dira. 2012an antolatu ziren ikastaroetan 80 ikaslek (merkatariak eta ostalariak) hartu zuten parte.