Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldia martxoaren 31tik apirilaren 7ra izango da

Zinemaldiaren aurkezpena egin dute
GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIA
Actualizado: jueves, 23 marzo 2017 17:49

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kultura erakundeak antolaturiko Giza Eskubideen Zinemaldiaren 15. edizioa martxoaren 31an hasiko da, Victoria Eugenia antzokian, Mohamed Diab egiptoarraren "Clash / Eshtebak" filmaren proiekzioarekin. Kristina Grozeva eta Petar Valchanoven "Slava" film bulgariak itxiko du zinemaldia, apirilaren 7an.

Zinemaldiaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, 27 herrialdetako 54 film proiektatuko dira (30 luze eta 24 labur). Horrez gain, sei erakusketa antolatu dira. Beti bezala, aldi berean egingo diren hainbat jarduerak osatuko dute egitaraua: solasaldiak filmetako zuzendariekin, protagonistekin eta landuko diren gizartearloko gaietan adituak diren pertsonekin, ikastetxeentzako goizeko zinema saioak eta abar.

Gainera, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak gero eta agertoki gehiago ditu eta auzoetara zabalduko da kultur etxeetan antolatuko diren doako proiekzioekin. "Helburua da gizateriaren erronka eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala eskaini eta eragitea", adierazi dute.

Hiritarren artean gogoeta, sentiberatasuna eta eztabaida sustatzea du xede Giza Eskubideen Zinemaldiak, giza eskubideen urraketak salatzea ardatz izanik. Horretarako, zinema eta kulturaren beste hainbat adierazpide erabiltzen ditu.

Victoria Eugenia antzokiko saio guztiak ikusteko 22 euroko bonu bat dago, eta ostiraletik izango dira salgai, antzokiaren leihatiletan soilik. Saio bakoitzerako sarrerak egunean bertan salduko dira, 4,50 euroren truke. Victoria Eugeniako leihatiletan ez ezik, Internet bidez ere erosi ahal izango dira saioetarako sarrerak.

DEEPA MEHTA

Bestalde, Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria Deepa Mehta zinemagile indiarrarentzat izango da aurten. Mehta "ezinbesteko zinemagile" bihurtu da azken hiru hamarkadetan egin dituen filmekin. Indian jaioa, New Delhin Filosofia ikasi ondoren Kanadara joan zen bizitzera, eta bertan bizi da 1970eko hamarkadatik, bere lan gehienen protagonistak bere sorlekua eta bertako jendea diren arren.

Bere filmen artean daude "Sam & Me (1991)", "Camilla" (1994), "Fire" (1996), "Earth" (1998), "Water" (2005), "Heaven on Earth" (2008), "Midnight's Children (2012), "Beeba Boys" (2015) eta "Anatomy of Violence" 2016).

Bere alderdi artistikoan nahiz pertsonalean era guztietako gizarte arazoei etengabe so egiten dien zinemagile indiarrak sari ugari lortu ditu, besteak beste, Canadian Centre of Diversity zentroaren Arteetako Bikaintasun Saria edo Ontarioko Ordena. 2013an Order of Canada ordenako ofizial izendatu zuten, herrialdeko sari zibil nagusia, "gidoigile, zuzendari eta ekoizle iraultzaile" gisa egin duen lanagatik.