Donostiako Giza Eskubideen XIII. Zinemaldiko gazte epaimahaian parte hartzeko izena emateko epea ireki da

DONOSTIA, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko 13. edizioko gazte epaimahaiko kide izateko izena emateko epea zabaldu da 18 eta 30 urte arteko gazteentzat. Epaimahaia 150 pertsonek osatzen dute eta Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari 3.000 euroko saria emateaz arduratzen da. Zinemaldia Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute, elkarlanean.

Zinemaldiko saio eta bestelako jarduera guztietara dohainik joateaz gain, epaimahaikide gazteek Deustuko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) aukera askeko kredituak lortzeko aukera dute (graduren bat egiten ari diren ikasleentzat ez du balio, EHUren kasuan). Gainera, behin zinemaldia amaituta, diploma bat jasoko dute eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Victoria Eugenia antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie.

Martxoaren 21a arte, gazteek www.zinemaetagizaeskubideak.com webgunean izena eman dezakete. Bertan parte hartzeko oinarriak dituzte. Martxoaren 23an zozketa egingo da eta zinemaldiko webgunean irabazle izan direnen izenak jakinaraziko dira. Azken horiek, gainera, posta elektronikoz mezu bat jasoko dute.

Edizio honetako emanaldiak apirilaren 17tik 24ra bitartean eskainiko dira. Ikusleek, aurreko urteetan bezala, giza eskubideen aldeko kontzientziazio eta sentsibilizazioarekin konpromisoa duten gaur egungo edota interes orokorreko gaiak jorratzen dituzten dokumentalen, pelikulen eta film laburren emanaldietara joateko aukera izango dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera antolatzen dira, besteak beste, solasaldiak, erakusketak eta tailerrak.

Joan den urteko edizioko gazte epaimahaiak Raúl de la Fuentek zuzendutako "Minerita" film laburrari eman zion saria Nazioarteko Lehiaketan.