Donostiako Haur Danborradan 49 konpainiak parte hartuko dute

Haur Danborrada aurkeztu dute
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 16 enero 2017 18:19

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Donostiako Haur Danborradak zenbait aldaketa izango ditu aurtengo edizioan, eta guztira, urtarrilaren 20ko desfilean 42 kolektibotako 49 konpainiak parte hartuko dute, astelehen honetan egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez.

Aldaketak desfilearen osaeran izango dira. Horrela, Hipikako Lantzariek hasiko dute desfilea. Iaz Igeldoko Zalditxoen konpainia desagertu egin zen, eta aurten, desfileari "hasiera ikusgarria eta egokia" emateko, Hipikako Lantzariek zazpi poni, gurditxo bat eta lehen tokian desfilatuko duen neska-mutil talde bat jarriko dituzte. Beraiek eramango dute hiriko bandera.

Halaber, hiru konpainiak sukaldariak izango dituzte lehen aldiz euren taldeetan, hain zuzen, Arantzazuko Ama ikastolak, Erain-Eskibel ikastetxea eta Maria Auxiliadora ikastetxeak.

Karrozaren osaeran ere aldaketak izango dira, eta azken urteetan osatzen zuten pertsonaiei, artzaina, mandazaina, dendaria, arrantzalea eta XIX. mendeko emakume donostiarra gehituko zaizkie; pertsonaia bakoitzak hirian XIX. mendean zegoen lanbide bat irudikatzen du. Horiekin batera, Easo Ederra eta bere bi damak, Urketaria, Batelaria, Donostiako XIX. mendeko gizasemea, Irulea eta Inudea izango dira. Lehen aldiz, karrozak neska eta mutilen antzeko kopurua izango du: zortzi neska eta bost mutil.

Haur Danborradako pertsonaia nagusiak antzeztuko dituzten neska-mutilak hauek izango dira: Danbor Nagusia Oihane Bruña izango da, Anunciata ikastetxekoa; Easo Ederra, Maria Soliño, Claret ikastetxekoa; Jenerala, Unai Sanchez, Claret ikastetxekoa. Horiei lagunduko diete lehen aipatutako pertsonaiek.

Guztira, urtarrilaren 19an eta 20an 7.697 neska-mutil ariko dira Haur Danborradan, 2016an baino 84 gehiago. Neskak %51 dira, eta mutilak %49. Hilaren 19an eta 20an festan parte hartuko duten konpainia guztietako kideez gain, egitarauan parte hartuko dute Tomaxen Abenturak taldeko pailazoek, Real Sociedad de Futbol Fundazioko eta Arraun Lagunak Klubeko kideek, Gero Axular dantza taldeak eta ezusteko gonbidatuek.