Donostiako Konstituzio plaza ONCEren urtarrilaren 21eko kupoian agertuko da

Konstituzio plazari eskainitako kupoia aurkeztu dute
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 13 enero 2017 12:49

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Donostiako Konstituzio plaza urtarrilaren 21ean zozkatuko den ONCE erakundearen kupoian agertuko da, bere bigarren mendeurrenaren ospakizuna dela eta. Larunbatean estatu mailan salgai jarriko diren 5,5 milioi kupoik izango dute plaza donostiarraren irudia.

Kupoia Donostiako udaletxean aurkeztu dute ostiral honetan Eneko Goia Donostiako Alkateak, Juan Carlos Anduezak ONCE Euskadiren lurralde ordezkariak eta Miguel Angel Aizpurua ONCEren Donostiako zuzendariak.

ONCEk gizarteko ekimen azpimarragarrienak aintzat hartzen jarraitzen du, eta, Anduezak adierazi duenez, "horren adibide da kupoi hau". "Honen bitartez, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gure joko produktuak erosten gugan konfidantza erakusten duten hiritarrei, izan ere, horri esker gure afilitauei zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu", azaldu du.

Horrez gain, Anduezak gogoratu du Donostiako hainbat gaiei eskaini diela ONCEk kupoiak, besteak beste, iaz Dbusen 130. urteurrenari edota DSS2016 Europako Kultura Hiriburutzari.

Horrela, hiriaren sute latzaren ondoren eraikitako Konstituzio plazaren 200. mendeurrenari eskaini dio ONCEk urtarrilaren 21eko kupoia. Hain zuzen, 1947ra rarte Donostiako udaletxea izan zen eta gaur egun Udal Kultura Sailaren egoitza den eraikinaren balkoi nagusitik egindako argazkia agertzen da irudian.

Konstituzio plazaren estiloa neoklasikoa da, eta 1813ko sutearen ondoren hiriaren berreraikitze lanetan parte hartu zuen Ugartemendia arkitetoak eraiki zuen 1817an. Neurri aldetik, 20 arkupe berdin ditu alde nagusi bakoitzean, eta beste bederatzi alde txikienean. Plazaren balkoiak zenbatuta daude, bere garaian ospatutako zezenketetan palko gisa erabili baitziren.

Azkenik, ONCEren arduradunek jakinarazi dute erakundeak sarietan 16 milioi euro banatu zituela 2016an Euskadin. Gainera, ia 800.000 euro banatu ditu 2017ko lehendabiziko bi asteetan, Oiartzun, Bilbo eta Laudio artean.