Donostiako oroimen historikoa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira DBHko ikasleentzat

San Jose ikastetxea
EUSKAL MEMORIA FUNDAZIOA
Actualizado: miércoles, 8 febrero 2017 13:50

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak aurten ere antolatu ditu "Donostiako oroimen historikoaren ibilbidea" izeneko bisita gidatuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzat. Gerra zibilean, 1936ko estatu kolpea eta diktadura frankistaren ondoren gertatutakoa ezagutzera emango da bisitetan.

Joan den urtean 727 ikaslek parte hartu zuten bisitetan (364 neska eta 363 mutil), 14 ikastetxe, bi euskaltegi eta lanbide prestakuntzako ikastetxe batekoak. Parte hartzaileen %70ek gaztelaniaz egin zuen ibilbidea, eta %30ek euskaraz. Aurten, bisita gidatuak martxoaren 1etik maiatzaren 31era bitartean egingo dira, eta, euskaraz eta gaztelaniaz gain, ingelesez egiteko aukera ere izango da.

Donostiako Udalak adierazi duenez, giza eskubideak ezagutzera emateko lanean, eta oroimen historikoa lantzeko ahaleginean, garrantzitsua deritzo "gazteek 1936ko estatu kolpearen ondorioz piztutako gerra zibilaren eta diktadura frankistaren gertaera lazgarriak ezagutzea". Testuinguru horretan, bisita gidatuen bidez Donostian gertaturikoa gerturatu nahi da, bereziki belaunaldi gazteei.

Horrela, Donostiako ikasleek aukera izango dute hiriko historia, oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketen gaira hurbiltzeko, ikastetxetik kanpo historia modu interaktiboan lantzeko eta haiengan jarrera kritikoa sustatzeko. Ekimen honi esker, ikastetxean ikasturtean zehar landuko den gaia osatzea lortuko dute, eta, horretarako, ikasgelan lantzeko prestatu den material didaktikoaren laguntza izango dute.

Hauek dira ibilaldian zehar bisitatuko diren 1936ko estatu kolpeko eta frankismoaren garaiko Donostiako gertaera nagusien guneak: Easo plazako kioskoa (abiatzea), garai bateko suhiltzaileen eraikineko sotoa (babeslekua), San Jose ikastetxea (atxikitze lekua), San Martzial kalea 48-50 (bonbardaketa lekua), Txurruka kalearen eta Askatasunaren hiribidearen bidegurutzea (komunikabideak eta zentsura), Maria Cristina hotela (borroka lekua), Nautikoaren pasabidea (fusilamendu lekua) eta Omenezko eskultura.

Ibilbideak ordu eta erdiko iraupena du eta martxoaren 1etik maiatzaren 31era bitartean egingo dira, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 17:00etara, aukeratzen den ordutegian. Izena emateko info@komazk.com helbide elektronikora idatzi edo 943 456 000 telefonora deitu behat da.

2016KO DATUAK

Joan den urtean, 14 ikastetxek, bi euskaltegik eta lanbide prestakuntzako ikastetxe batek parte hartu zuten bisitetan. Guztira, 727 ikaslek egin zituzten ibilbideak (364 neska eta 363 mutil), %70ek gaztelaniaz eta %30ek euskaraz. Hasieran 33 bisita aurreikusi baziren ere, eskaera kopurua asko handitu zenez, azkenean 37 egin ziren.

2014-2015 ikasturtean bisita egin zuten eskola guztiek errepikatu zuten 2015-2016 ikasturtean. Baten batek, Jesuitinas bezala, talde gehiago ekarri zituen azken ikasturte honetan.

Bisita gidatuak egiteko aukeraturiko datek arrakasta handia izan dute, ikasleek garai horretan 1936ko matxinada eta haren ondorioak lantzen dituztelako.