Donostiako sei museok proposamen artistikoak hartuko dituzte egonaldian

Labore proiektuan parte hartuko duten sortzaileak
DONOSTIA 2016
Actualizado: jueves, 14 enero 2016 16:59

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Aquarium, Museum Cemento Rezola, Donostiako Elizbarrutiko Museoa, Untzi Museoa, Real 100 Museoa eta San Telmo museoek proposamen artistikoa hartuko dituzte egonaldian, urtarrila eta martxoa bitartean, Labore programaren baitan. Donostia 2016ko webgunean kokatutako blog batek jasoko ditu, eguneroko gisa, egonaldia egiten ari den artista bakoitzaren sortze prozesua eta museotan sortuko diren jarduerak.

   Labore egitasmoan parte hartuko duten proiektuak ostegun honetan aurkeztu dira prentsaurrekoan. Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Donostiako Museoen Sareak sustatu dute Labore, Hazitegiak kaiaren baitan.

   Zehazki, Edu Comelles, Nerea de Diego, Ainara LeGardon & Jaime de los Ríos, Iñigo Salaberria, Eduardo Hurtado eta Zuhar Iruretagoiena dira egitasmoan parte hartuko duten artista hautatuak. Orotara, Labore programak tokiko eta nazioarteko 52 proposamen jaso ditu.

   Bi dira Laborek lortu nahi dituen helburuak: batetik, Donostiako museoetan sortzaile eta artisten presentzia normalizatzea, beren sormen prozesuak gune hauetan ere gerta daitezen, eta, bestetik, museoen ingurune sozialetan bitartekaritza artistikoa ardatz izango duten jarduerak ematea.

   Esan bezala, egitasmoan Donostiako Museoen Sareko sei museok hartuko dute parte: Aquarium, Museum Cemento Rezola, Donostiako Elizbarrutiko Museoa, Untzi Museoa, Real 100 Museoa eta San Telmo. Zentro bakoitzak 'site specific' izaera duen proposamen artistiko bat jasoko du, hau da, dagokion museoan garatzeko espresuki sortua.

   Laboreren blogean artista bakoitzaren sortze prozesu eta egonaldien kariaz museoetan sortutako jarduera ezberdinak jarraitu ahal izango dira. Horrez gain, blogak bitxikeriak, argazkiak eta proiektuen inguruko informazio zabala bilduko ditu. Egitasmoaren garapena sare sozialetan ere jarraitu ahal izango da #Labore traolaren bitartez.

   Horrela, Edu Comelles bartzelonarrak "Waves" egitasmoa landuko du Aquariumean. Jendearen parte hartzea bultzatuko duen instalazio soinudun eta erreaktiboa proposatzen du Comellesek, eta kostaldea, itsasoa eta hauen ekosistemen soinu paisaiak bilduko ditu, ingurunearen pertzepzio pluralago bat eskainiko dioten bertako taldekideak tarteka lagun dituela. Azken instalazioak ere izaera aldakorra izango du.

   Nerea de Diego nafarrak "Bildumaren eszenaratzea" lana plazaratuko du Donostiako Elizbarrutiko Museoan. Hala, sortzaileak irudi, kutun eta estanpekin osatutako bilduma pertsonalaren eta museoko funtsen arteko elkarrizketa eta kontrajartzea egingo ditu. De Diegok 20 urte baino gehiago eman ditu herri erlijiozkotasunaren adierazgarri diren elementuak biltzen. Sortzaileak museoaren inguruko talde eta bizilagunekin elkarguneak eta lantegiak antolatuko ditu.

LEGARDON ETA DE LOS RIOS

   Halaber, Ainara LeGardon eta Jaime de los Ríos Museum Cemento Rezolan izango dira "Caementum" lanarekin. Instalazio elkarreragile eta murgilgarri honetan artistek gaitasun instrumentala emango diote hormigoiari. Museoan bertan martxoaren 10ean egingo den zuzeneko ekitaldi batean adieraziko duten elkarrizketa bat sortuko dute artistek. Instalazioa bertan geldituko da, "sentitu, entzun, ukitu eta ikusi daitekeen erakusketa gisa". Añorgako langile eta bizilagunekin elkarlanean arituko dira.

   Iñigo Salaberria donostiarrak, aldiz, "Kaia" pelikula dokumentala gauzatuko du Untzi Museoaren babespean. Bertan, 1957an Carlos de los Llanosek zuzendutako "Gente de Mar" filmaren irudi batzuk eta berak filmatutako planoak tartekatuko dira. Lan honen bidez bi egoera alderatu nahi ditu Salaberriak: 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Donostiako kaian bizi zen arrantza jarduera bizia eta gaur eguneko egoera, lonja itxia eta arrantza minimoarekin.

   Gainera, Real 100 Museoak Eduardo Hurtadoren "Aipatu ezin dena" obra jasoko du. Lan honen bidez, Hurtadok hainbat gairen inguruko hausnarketa egingo du, besteak beste, taldearen nortasunaren, barne harremanen, hirian eta honen idiosinkrasian duen eraginaren eta kirol jardueraren azpian dagoen antzerki izaeraren inguruan.

   Azkenik, Zuhar Iruretagoienak laborategi esperimental eta analitiko bat sortuko du San Telmo Museoan. "Absentia, triangelu gorria, lerro urdina" da lanaren izena, eta helburuak, museoaren bildumari begirada garaikide bat zuzentzea, material pedagogiko gisa erabili ahalko diren analisi eta ulermen patroiak definitzea, eta artistaren kosmogonia eta bilduma giltzatuko dituen obra pertsonala eratzea dira, sorkuntza berriak bideratu ahal izateko.

   Horiez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako ikasleak ere proiektuaren parte izango dira, sormen prozesu batzuetan esku hartuz eta artista eta sortzaileei lagunduz.