Donostiako Sustapenak 60 nazioartekotze beka abiarazi ditu gazteentzat

DONOSTIA, 4 Jul. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Sustapenak 30 urtez azpiko gazteei zuzenduriko 60 nazioartekotze beka jarri ditu martxan, Garapen elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2015 Planaren baitan daude bekak, eta kolektibo horretan enplegua sustatu eta langabezia tasa handiak arintzea bilatzen dute, Donostiako Sustapenak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Beken programaren bidez "mekanismo sendo bat" jarri nahi da merkatuan, unibertsitate titulazioa eta goi mailako lanbide heziketa duten gure gazteei zuzendua. Mekanismo horri esker, gazte horiek aukera izango dute gutxienez sei hilabetez atzerriko enpresa eta erakundeetan soldatapeko praktikak egiteko, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduera eta proiektuetan.

Atzerriko enpresa eta entitateek eskainitako praktikei esker, gazteek beren kualifikazio profesionala hobe dezakete. Gainera, nazioarteko sarean lan egiten hasiko dira, etorkizunera so, laneratzea erraztuko diena. Proiektuak askotarikoak dira (merkatu azterketak, marketin eta komunikazio funtzioak, turismo garapena, produktu eta teknologiaren garapena, I+G eta abar).

Era berean, asko dira bilatzen diren profilak, besteak beste, komunikazio, ekonomia edota kimikan lizentziatuak eta ingeniariak. Jomuga herrialdeen artean, AEB, Erresuma Batua, Holanda, Irlanda, Ekuador, Txile, Malta, Bolivia, Kolonbia, Peru, Mexiko, Frantzia edo Alemania daude.

GLOBAL TRAINING

Global Training 2014-2015 bekari esker 60 dira atzerrian praktikak egin dituzten bekadunak, Donostiako Sustapenak kudeatuta, eta %55 baino gehiago dagoeneko laneratuta dago. Horrez gain, Donostiako Sustapenak konpromiso bat hartu du talentua itzularazi eta Donostiako enpresa-ehundura babesteko.

Ildo horretan, lan saioak egiten dira bekadunekin eta, hala, behin praktikak amaitu ostean, atzerriko merkatuan jasotako esperientzia eta ezagutza partekatzen dute tokiko enpresekin, nazioarteari begira, lankidetza eta negozio abagune berriak sustatzeko asmoz. Era berean, Donostiako Sustapenak bekadunak Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren diru laguntza eta programetara hurbiltzen ditu (Talentu Berritzailea programa, Ekin+ eta abar).

Donostiako Sustapena-Global Training 2015-2016 beketan izena emateko epea uztailaren 27ra arte irekiko da. Izena emateko www.fomentosansebastian.org webgunera sartu behar da eta dokumentazioa aipatu epearen barruan eta paper formatuan aurkeztu beharko da Victoria Eugenia antzokian Donostiako Sustapenak duen bezeroen arretarako bulegoan.

Horrez gain, beken gaineko jardunaldi informatibo bat izango da datorren asteazkenean, uztailaren 8an, eguerdiko 12:00etan, CEMEI eraikinean, eta uztailaren 16an GazteEkin Biltzarrean, Kursaalen.