Donostiako Sustapenak eta SShops taldeak tokiko merkataritza sustatzeko neurriak abiaraziko dituzte

Akordioa aurkeztu dute udaletxean
Foto: DONOSTIAKO SUSTAPENA
Actualizado: lunes, 4 mayo 2015 14:14

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Sustapenak eta SShops Donostiako Merkatarien Elkarteen Taldeak lankidetza publiko-pribatua abiaraziko dute tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko, kontsumo arduratsua sustatzeko eta enplegua laguntzeko, programa estrategikoak sustatuz. Egitasmo horiek hirian laguntza politikak eta merkataritza sustatzeko bideratuta daude, besteak beste, belaunaldi aldaketa, berrikuntza eta teknologia berriak, prestakuntza profesionala edo elkartegintzaren sustapena.

   Hitzarmenaren bitartez, SShops taldeak eskaintzak erakartzeko, kudeatzeko eta bitartekaritzarako lanak egiteko konpromisoa hartu du, sektorean gutxienez 100 kontratazio sustatzeko. Batez ere, Donostian beharrik handienak dituztenen kolektiboetako kideen eta 45 urtetik gorakoen kontratazioa bultzatuko da. Halaber, Donostiako Sustapenak 119.104 euro emango ditu neurri horiei laguntza emateko eta abian jartzeko.

   Donostiako Udaleko Kirol eta Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkari eta Donostiako Sustapeneko lehendakariorde Josu Ruizek eta SShops taldeko lehendakari Esteban González Bastidak sinatu dute hitzarmena.

   Bi erakundeek sinaturiko hitzarmenaren beste helburuetako bat merkataritzako hiri ingurunea suspertzea da. Horretarako, erosteko eta aisialdiko guneak sortuko dira, hiriko merkataritza gastuari eusteko eta beste hiri eta herrietako merkataritza fluxuak bereganatzeko. Era berean, Donostiako saltokien irudia hobetu nahi da, eta prestakuntza eskainiko zaie, 2016ari begira, ahalik eta zerbitzu onena eskaini dezaten, bai turistentzat eta baita bertako bezeroentzat ere.

   Era berean, berrikuntza teknologiko eta marketin arloko berrikuntza tokiko merkataritzara gerturatu nahi da, Punto Dendaren (Gipuzkoa Plaza) esparruan garatutako jardueren bitartez. Gune honen helburua da hiriko eskaintza komertziala kontsumitzaile guztiek hobeto ezagutzea eta haien artean hedatzea, joera komertzialen eta saltzeko teknika berrien inguruko informazioa ematearekin batera.

   Donostiako Sustapenaren eta SShops taldearen akordioa Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren barne sinatu da. Donostiako Sustapenak diseinatutako plana da, eta, epe laburrean enpleguari eutsi eta hura sustatzen dituen neurriak garatzearen aldeko apustua egiteaz gain, ikuspegi estrategiko batetik, enplegagarritasunaren eta enpresa nahiz merkataritzako lehiakortasunaren hobekuntza antolatzeko oinarriak sustatzen ditu, kalitatea eta berrikuntzaren alde eginez.