Donostiako Udalak eta bere sozietateek 16,5 milioi bideratuko dituzte 2017an ditu laguntzetan

Eneko Goia Donostiako alkatea
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 31 enero 2017 14:44

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak 2017-2019 aldirako Diru Laguntzen Plangintza Estrategikoa onartu du astearte honetan. Horrela, udalak eta bere erakunde, enpresa, entitate eta sozietate publikoek 16,5 milioi euro bideratuko dituzte diru laguntzetara 2017an.

Eneko Goia alkateak aurkeztu du 2017-2019 Diru Laguntzen Plangintza Estrategikoa, Kontu Hartzailetza Orokorrak egindako eta Tokiko Gobernu Batzordeak onartutako plangintza, hain zuzen.

Diru laguntzen Lege Orokorrak udala behartzen du plangintza egitera, eta, horren harian, Donostiako Udalak eta bere erakunde eta entitateek helburuak eta efektuak ezartzen dituzte, baita horiek lortzeko epeak, aurreikusi daitekeen kostua eta finantziazio iturriak ere. Hori guztia, urteko aurrekontu bakoitzari lotuta egiten da, aurrekontu egonkortasuna eta hazkunde ekonomikoaren irizpideak betez.

Goiak adierazi du plangintza "tresna oso egokia" dela Donostiako Udalak eta bere erakunde eta entitateek -Donostia Kirola, Musika eta Dantza Udal Eskola, Donostia Kultura eta Sustapena- ematen dituzten diru laguntzak koordinatzeko.

Horrela, 2017an 16,5 milioi euro bideratuko dira Donostian diru laguntzak ematera, eta 2018an eta 2019an aurrekontuek ezarriko dute diru laguntzen kopurua. Hala ere, Kontu Hartzailetza Orokorraren zenbatespenen arabera, guztira 50 milioi euro bideratuko dira hiru urteetan diru laguntzetara.

Aurtengo diru laguntzei dagokienez, Donostiako Udalak 10.688.572,02 euro banatuko ditu, Donostia Kulturak 616.591,83 euro, Donostia Kirolak 1.419.650 euro, Dantza eta Musika Eskolak 1.200 euro eta Donostia Sustapenak 3.786.116,32 euro.

Era berean, Diru Laguntzen Plangintza Estrategikoak proposatzen du diru laguntzak kudeatzeko unitate orokorra sortzea eta, bertan, administrazio eta jarraipen lanak egitea, udal sailek deialdien oinarriak eta objektuak lantzeko epe luzeagoa izan dezaten.

HELBURUAK

Plangintzak honako helburu estrategikoak ezartzen ditu: elkarte jarduera bultzatzea; hiritarren parte hartzea sustatzea; gizarteratzea eta diskriminazio eza lortzea; gizarte lankidetza indartzea; nazioarteko lankidetza bultzatzea; ingurumenaren iraunkortasuna eta bizi kalitatea hobetzea; kirol, kultur, euskara eta hezkuntza jarduerak sustatzea; ekonomiaren garapen iraunkorra bultzatzea; Donostiako haur, nerabe eta gazteen jarduerak sustatzea; erakundearen lidergoa indartzea.

Diru laguntza sail horiek guztiekin bat egingo dute hizkuntza normalizazioak, genero berdintasunak, adinekoen lagunkoia den hiriak, parte hartzeak eta ingurumenak.

Plangintzaren iraunaldia amaituta, diru laguntzen kudeaketa zerbitzuek Kontu Hartzailetza Orokorrari memoria bat egin beharko diote. Memoria 2020ko lehen hiruhilekoan bidali beharko dute eta bertan, emandako diru-laguntzen informazioa, eboluzioa, helburuen betetze maila, hobetzeko proposamenen eta ekintzen ebaluazioa, ondorioak eta azken balorazioa zehaztu beharko dituzte. Era berean, hurrengo Diru Laguntzen Plangintza Estrategikoa egiteko proposamenak egin beharko dituzte.