Donostiako Udalak 42.255 euro bideratuko ditu euskaltegietara, euskalduntze eta alfabetatze lana laguntzeko

Actualizado: martes, 15 abril 2014 18:25

DONOSTIA, 15 Abr. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak 42.255 euro bideratuko ditu hiriko euskaltegietara, euskalduntze eta alfabetatze alorrean egiten dituzten egitasmoak laguntzeko asmoz. Donostiako euskaltegiek diru laguntzetara aurkezteko aukera dute jada, aurreko astean onartu baitzituzten oinarriak eta behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eskatu ahalko dira.

Nerea Txapartegi Donostiako Udal Gobernuko Euskara arduradunak zehaztu du ekimen honen helburua dela helduen euskalduntzea eta alfabetatzea indartzea. Donostiako Euskararen Plan Orokorrean helburu estrategiko hori jasota dagoela eta diru laguntza hauek hor kokatzen direla gaineratu du.

"Horien bidez bi egitasmo mota babestu nahi dira, batetik, informazioa, motibazioa eta sentsibilizazioa lantzen dituzten egitasmoak, edo ezagupenetik erabilerarako jauzia egitea aldera, erabilera sustatzera eta indartzera bideratutako egitasmoak; eta, bestetik, plan orokorraren helburuekin bat datozen xede berezietako taldeak, esaterako, merkatari eta ostalariak, guraso taldeak, etorkinak, eta abar", azaldu du.