Donostiako Udalak 47.255 euro bideratuko ditu euskaltegien lana laguntzera

Donostiako udaletxea
Europa Press
Actualizado: miércoles, 14 febrero 2018 14:29

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 47.255 euro bideratuko ditu euskaltegietara, euskalduntze eta alfabetatze alorrean egiten duten lana laguntzeko. Zehazki, euskaltegiek 2018-2019 ikasturtean egingo dituzten jarduerak diruz laguntzeko erabiliko da dirua, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Alde batetik, euskaltegiek euskara ikasteko xede bereziko ikastaroak egin ditzaten, 38.755 euro banatuko dira. Horri esker, merkatariei, ostalariei, gurasoei, erretiratuei, etorkinei eta abarrei zuzendutako ikastaroak eskainiko dira (60 orduko ikastaroak 60 eurotan).

Euskara ikasteko oinarrizko ikastaroak ez ezik, fax, ohar edo fakturak bezalako laneko idazki laburrak sortzeko ikastaroak ere eskaintzen dira. Hori dela eta, ez dakitenek, euskararekin lehenengo harremana edukitzeko eta ikasleari komunikaziorako oinarrizko baliabideak eskaintzeko balio dute.

Beste alde batetik, informazioa, motibazioa eta sentsibilizazioa lantzen dituzten egitasmoak eta erabilera sustatu edo indartzera bideratutako ikastaroak ere lagunduko dira (mintzapraktika egitasmoak, lantegiak eta abar), eta 8.500 euro bideratuko dira xede horretara.

Donostiako Udalaren arabera, xede berezietako ikastaroek "arrakasta handia" izaten dute urtero. Horrela, 2017an, esaterako, 58 talde eratu eta 597 pertsona aritu ziren euskara ikasten ikastaro hauetan.