Donostiako Udalak Altzako kiroldegia eraikitzeko proiektuen lehiaketako bost talde finalistak hautatu ditu

Actualizado: jueves, 28 agosto 2014 18:37

BILBAO, 28 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak Altzako kiroldegia eraikitzeko proiektuen lehiaketara aurkeztu ziren 25 proposamenetatik bost talde finalistak hautatu ditu.

Gipuzkoako hiriburuko Udalak ostegunean jakinarazi duenez, finalistek hilabeteko epea dute beren proposamenak garatzeko eta ondorengo asteetan herritarren partaidetzako prozesua burutuko da proposamen horiekin. Epaimahaiak azaroan aukeratuko du proiektu irabazlea Fernando de Andres, Jorge Barata-Iglesias Veiga, LKS-VAUMM, Uzkanga-RFA eta Chocarro Herranz-Tabuenca Leache-ren arteko proposamenetatik.

Talde irabazlea hautatu ondoren, horrek hiru hilabeteko epea izango du oinarrizko proiektua idazteko eta beste lau hilabete behin betiko proiektua idazteko.

ERAIKIN TRINKOAGOA

Udalak lehiakideek bete beharreko irizpideak ezarri zituen. Hasierako proposamenaren arabera, kiroldegi berria eraikin trinkoagoa izango da; lursaileko gune bat libre utzita. Horri esker, gazteei eta adineko pertsonei zuzendutako kirol guneak egin ahal izango dira atari zabalean, solarium zabal bat prestatzeaz gainera. Aldi berean, auzoan hiri topagune bat sortu ahal izango da, Tomasene eta Casares kultur etxeetatik hurbil dagoen gune batekin lotuta.

Eraikuntzaren ikuspegitik, lehiaketa honetan aurkeztutako ideiek kontuan hartu behar zuten, bereziki, ahalik eta energia aurrezki handiena ekarriko duten soluzioak proposatu behar zituztela, baita fatxaden eta estalkien mantentze txikiagoa ekarriko dutenak ere.

Kiroldegiak gehienez sestra gaineko 10.500 metro koadroko eraikigarritasuna izango duela aurreikusten da, eraikin trinkoago batean, modu horretan lursaileko gune bat libre utzita.

Solarium zabala eta kanpoko igerilekuak egingo dira hegoaldean. Instalazioek gimnastika erritmikorako berariazko gunea, gune kardiobaskular eta muskulaziokoa duen gimnasio zabala, kirol anitzetako kanpoko kantxak eta 65etik gorakoentzat gune bereziak izango dituzte.

Azpiegitura berriak sestra gaineko hiru solairu eta sestra azpiko beste bat izan ahalko ditu. Kiroldegirako aurrekontua, gutxi gorabehera, hamar milioi eurokoa izango da, urbanizazio lanak barne.

FINALISTAK

Udalaren arabera, Fernando de Andresen proposamenak lursaileko ezarpena oso ondo ebatzita dauka eta kanpoalderako proposatutako tratamendua egokia da. "Eraikina oso zuzen dago orientaturik eta proposatzen den baoen disposizioa ere oso egokia da", diote Udaletik.

LKS-VAUMM-en proposamenari dagokionez ezarpena eta kanpoko aldeen tratamendu onak proposatzen dituen soluzioa dela esan du Udalak. Uzkanga-RFA arkitektoena, berriz, eraikin trinkoa estalki horizontal handi batekin dela dio.

Bestalde, Chocarro Herranz-Tabuenca Leache-ren proposamenaren fatxadak kristalezko azalera zabalak dituzten tratamendu egokiak dituela uste du. Azkenik, Jorge Barata-Iglesias Veiga arkitektoen proposamenaren eraikina erdi trinkoa da eta kristalezko azalera handiekin dago ebatzita.

PARTE HARTZEKO PROZESUA

Kiroldegi berriaren diseinua aukeratzeko herritarren partaidetza prozesua 2013ko ekainean hasi zen. Irailaren 3an, 19.00etan, bilera bat egingo da auzotarrekin eta bertan Plan Orokorraren aldaketa aurkeztuko da.

Urriaren 1etik 15era Tomasen Kultur Etxean bost proiektu finalisten panelak erakutsiko dira eta hilaren 8, 9 eta 15ean taldeek herritarrei azaltzeko aukera izango dute, leku berean egingo diren bileretan. Hilaren 15ean, berriz, azken aurkezpenaren ondoren, bost proposamen gaineko solasaldia egingo da.

Kiroldegiaren ingurua diseinatzean, auzoko topagunea eta eremu lagunkoia izango den hiri esparrua sortzea aurreikusi du Donostiako Udalak, Tomasene eta Casares kultur etxeei lotuta.

Zonalde zentral berri bat sortuko da, oinezko gune izango dena eta Altza osoarentzat erreferente bilakatuko dena. Hobekuntzak ezartzen dira Altza pasealekuko biribilgunean. Kiroldegiko sarbide nagusiak Casares Kultur Etxetik eta Darietako bidetik egingo dira.

Bestalde, ekipamendu berria egiteko HAPO aldatu behar da, inguruaren garapenaren alde batean bizitoki erabilera aurreikusten zen arren, ekipamendurako bideratuko baita. Hasierako aldaketa uztaileko udalbatzan onartu zen, behin-behinekoa jendaurrean ikusgai egon ondoren emango da eta behin betikoa COPU delakoari (EAEko Lurralde Antolamenduko Batzordea) azter dezan bidali eta gero.

Josu Ruiz Kiroletako zinegotziak esan du urrats sendoak ematen ari direla "Altzak merezi duen kiroldegia izan dezan: azpiegitura modernoa eta eraginkorra, lagunkoiago bihurtzeko eraldatuko dugun inguru batean kokatuta".