Donostiako Udalak aurreikusi du 2024ra bitartean 4.500 etxebizitza berri egitea

Gasco, Goia eta Ramos
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 20 marzo 2018 17:01

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak Etxebizitza Plana aurkeztu du astearte honetan, eta aurreikuspenen arabera, 4.500 etxebizitza berri egingo dira hirian 2024ra bitartean. Zehazki, etxebizitza hauek egitea aurreikusi da: sustapen pribatuko 1.808 etxebizitza, Sarrueta, Antzita, Esnabide eta Lorategi Hirian, besteak beste; udal sustapeneko 1.660 etxebizitza, zuzkidura apartamentutzat, Amara Zaharrean, Altzan eta Alde Zaharrean, eta beste 1.080 etxebizitza, Morlans, Altza, Loiolako Erribera eta Txomin Enean.

Eneko Goia alkateak, Ernesto Gasco alkateordeak eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak Etxebizitza Planaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte. Etxebizitza Planak zehaztuko ditu datozen sei urteetan hirian zer estrategia eta proiektu garatuko diren.

Donostiako Udal Gobernuaren iritziz, herritarrek etxebizitza arloan dituzten eskaerei erantzutea dute xede garapen horiek, nahiz eta jakin ez dutela behin betiko konponduko hainbat hamarkadatako kezka iturri nagusietako bat, hiriko lurzoruaren eta etxebizitza libreen garestitzea dela eta.

Horrela, Etxebizitza Planean zenbait helburu estrategiko zehaztu dira, herritarren egungo beharrei aurre egiteko. Besteak beste, lehentasuna emango zaio dagoeneko eraikita dagoen hiriari, eta, horretarako, hainbat neurri ezarri dira, hala nola mugikortasunean bereziki sentiberak diren kolektiboen irisgarritasuna hobetzea, eta, birgaitzeko diru laguntza publikoen bitartez, etxeak zatitzeko aukera erraztea, merkatuan eskaintza zabalagoa eman ahal izateko.

Halaber, egungo irizpide arkitektonikoak malgutzeko aukera jaso da, etxebizitzak zatitzeko aukera eman dezaten. Gehiegizkotzat jo da 75 metro koadrotik gorako etxebizitza batean pertsona bakarra bizitzea; aukera horrek, hain zuzen, hiriko egungo etxebizitza parkearen %17,4 hartzen du.

Planean jasotako beste jardueretako bat irisgarritasuna hobetzea da, arrapalak, atarietara sartzeko sistemak eta, bereziki, igogailuak jartzeko diru laguntzen bitartez, Donostian geroz eta adineko gehiago baitaude. Estatistika datuen arabera, hiriko atarien %17,1ean ez dago igogailurik, eta hori eguneroko arazoa da 29.045 lagunentzat, 65 urtetik gorakoentzat, bereziki.

JARDUKETA PUBLIKO-PRIBATUAK

Gainera, Etxebizitza Planean alokairuko zuzkidura apartamentuak sustatzea planteatu da, adinekoentzat zein gazteentzat. Hala, zenbait jarduketa aurreikusi dira Amaran (Amara Zaharra), Altzako Eraikuntza Institutuan, Manteon, Monsen (Intxaurrondo), Ondarretan eta Orixe ikastolaren eraikin zaharrean (Alde Zaharreko Kanpandegi kalean). Etxebizitza publikoen arloan dituen eskumenak baliatuz, Eusko Jaurlaritzak ere zenbait jarduketa egitea aurreikusi du, Morlans eta Loiolako Erriberako zuzkidura-apartamentuak, hain zuzen.

Horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzen beste sustapen batzuk jaso dira, alokairukoak batez ere, Illarra bidean (Udaletxea), Altzan eta Txomin Enean; bi modalitateak Eusko Jaurlaritzak sustatuta egingo lirateke.

Ekimen pribatuko etxebizitzen sustapenari dagokionez, Esnabide, Sarrueta, Antzita, Lorategi Hiria, Jolastokieta, Txingurri, San Luis eta Añorgako garapenak jaso dira. Garapen horien baitan 1.808 etxebizitza egingo dira 2022ra bitartean.

ERRADIOGRAFIA

Une honetan, 88.675 etxebizitzak osatzen dute Donostiako etxebizitza parkea, eta dentsitate handienak Amara Berri, Erdigunea, Gros, Altza eta Antiguo auzoetan daude. Hirian, 186.000 biztanleko errolda izanik, batez beste, 2,4 pertsona bizi dira etxebizitza bakoitzean.

Etxebizitzen %30,4an pertsona bakarra bizi da, eta %29,8an bi lagun. Horrenbestez, etxebizitza parkearen etxeen %60,2an kide bakarreko edo bi kideko bizikidetza unitateak bizi dira.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean egindako inkesta baten arabera, 18 eta 44 urte bitarteko 8.414 pertsonak eskatzen zuten etxebizitza bat. Horrez gain, %7,3k etxez aldatzeko beharra zuen, eta %10,7k etxea birgaitzeko eta bertan hobekuntzak egiteko beharra.

2017an, 9.600 pertsona zeuden Etxebiden izena emanda, etxe eskatzaile gisa (6.863 Donostian erroldatuta zeuden). Eskatzaileen %72,3k alokairuko etxea eskatzen zuen, eta gainerakoek azalera eskubidearen lagapenean nahi zuten etxea.

Alokairuari dagokionez, indarrean den etxebizitza erroldaren arabera, etxebizitza guztien %14 dira alokairukoak. Bestalde, uste da 3.885 etxe, beren ñabardura eta kasuistika guztiak kontuan hartuta, hutsik daudela.