Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako kanpaina berria abiatu du

Actualizado: lunes, 10 agosto 2015 16:59

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak beste urte batez "Ez ezetz da" kanpaina atera du Aste Nagusian eraso sexistak saihesteko. Alderdi politiko guztietako zinegotziek parte hartu dute kanpaina honen aurkezpenean, gogoratuz indarkeria matxista dela gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasun faltaren ondorio larri eta agerikoenetariko bat, nahiz eta aurrerapenak izan diren.

    Donostiako Udalak azaldu duenez, kanpainak hainbat elementu eta euskarri ditu: Aste Nagusiko egunetan, pankarta bat egongo da Udaletxean zintzilik kanpainaren lemak aldarrikatuz. Neskei zuzendutako liburuxkak banatuko dira, erasoak eta tratu txarreko harremanak saihesteko gomendioak zabalduz, eta mutilei zuzendutako beste batzuk eraso matxisten aurkako jarrera gogotsuak sustatzeko asmoarekin.

   Halaber, uztailean zehar emakumeentzako autodefentsa feministako tailerrak egin ziren, kanpainaren barruan. Horrez gain, erasoren baten lekuko izanez gero nola jokatu behar den azaltzen duten liburuxkak banatzen ari dira jai eremu inguruko etxeetan.

   Ildo beretik, pegatinak banatuko dira ostalaritzako establezimenduetan eraso sexisten gaitzespena ikusgarri egiteko, bai eta indarkeria kasuen aurrean nola jardun behar den agertzen duten protokoloen berri emateko ere.

   Horrez gain, Aste Nagusian informazio eremu bat egongo da indarkeria matxista prebenitzeko, horrekiko sentsibilizazioa areagotzeko eta gaiaren inguruko arreta eskaintzeko.Informazio eremu hori hainbat lekutan eta egunetan egongo da jaietan eta bertan, indarkeriaren aurkako iniziatibak kontsultatu eta informazioa bildu ahal izango da.

   Amaitzeko, kanpaina sare sozialetan topatu ahal izango da. Honako etiketa hauek sortu dira: #ezezetzda #noesno #corresponsabilidad #erantzukidetasuna.