Donostiako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu Haurren Egun Unibertsala dela eta

Publicado: viernes, 17 noviembre 2017 17:45

DONOSTIA, 17 Nov. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak haurrak, gazteak eta familiak gonbidatu ditu azaroaren 20an ospatuko den Haurren Egun Unibertsalaren harira antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera. Klima aldaketaren ondorioz milaka pertsonek bizi duten errealitate aldaketa ezagutzera eman nahi du udalak, Giza Eskubideen, Kultur Aniztasunaren eta Gazteria bulegoen bitartez eta Unicef eta Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatu dituen jarduerekin.

Helburu horrekin, larunbatean, azaroaren 18an, Dar Dar gizarte ekimenezko kooperatibak "Harea" ikuskizuna eskainiko du. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan izango da, Aiete kultur etxean, eta, eguraldiak laguntzen badu, baita parkean zehar ere. Lehenago joatea gomendatzen da, 16:30etik aurrera gonbidapenak banatuko baitira lekua bete arte. Ikuskizuna 4 urtetik gorako haur, gazte eta orokorrean familiei zuzendua dago.

Horrez gain, Donostiuako Udalak jakinarazi duenez, azaroaren 14tik 25era, hiriko haurtxoko eta gazteleku guztietan hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera dago. Horietan, "oinarrizko eskubideak bortxatuta dituzten haurren azalean jartzeko aukera izango da".

Proposamen horien artean liburu bat argitaratu da Unicefen laguntzarekin, eta, horretan oinarrituta, bi jarduera antolatu dira zortzi gaztelekuetan: "Ahotsak planetaren alde" eta "Helburua: etorkizun jasangarria". Saio didaktikoak dira, eta azaldu nahi da ingurumenaren inguruko arazoek zelako lotura duten kontsumo iraunkor eta arduratsuarekin. Horrela, gaiaren inguruko hausnarketa eta jarrera aldaketak bideratu nahi dira.

Bestalde, "Wangari Maathai eta Bakerako Zuhaitzak" erakusketak Nobel saria eskuratu zuen Wangari Maathai emakume afrikarraren bizitzan sakonduko du 2018ko otsailaren 4a arte, Aiete kultur etxean. Aitziber Alonso ilustratzailearen marrazkiekin osaturiko erakusketa da, Uxue Alberdiren eta Xabi Payaren testu eta itzulpenek lagunduta. Halaber, Aitziber Alonsok berak ilustrazio tailerra eskainiko du Aieteko haurtxokan, azaroaren 25ean, 17:00etan, 5-11 urte bitarteko haurrentzat.

Azkenik, udal liburutegietan, "Ipuinaren ordua" ekimenak haurren eskubideak izango ditu protagonista aste osoan zehar. Jarduera guztiak doakoak dira eta Literaktum Txiki programan sartzen dira.