Donostiako Udalak hiriaren estrategia turistikoa aurkeztu du Madrilen

Goia, Madrilgo Exceltur foroan
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 24 mayo 2017 16:30

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Eneko Goia Donostiako alkateak hiriaren estrategia turistikoa aurkeztu du asteazken honetan Madrilgo Exceltur foroan, turismo alorreko profesionalak eta erakundeak batu dituen biltzarrean. Turismoaren gorakadaren kudeaketa iraunkorra izan da bilkuraren ardatza, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Zehazki, datozen lau urteetako hiriaren turismo estrategiaren oinarriak aurkeztu ditu Goiak, azken urteetan gorakada nabarmeneko testuinguruan osatzen ari den plana, hain zuzen. "Baina igoera hori modu azkar eta iraunkorrean kudeatzen jakin behar dugu, bai turismo alorraren ikuspuntutik, bai bizilagunen ikuspuntutik, eurak baitira azken finean hirian bizi eta hiria egiten dutenak", adierazi du.

Goiak azpimarratu duenez, zenbait urte hiriaren sustapenean indarrak jarri ondoren, "orain hiriko eskaintzaren kalitatean jarri behar dugu arreta". Iaz 1.200.000 gau emate izan ziren bisitarien ikuspuntutik, 2015ean baino %12 gehiago. Aurtengo Aste Santuko datuak ikusita, 2017rako ere gorakada nabarmena espero da bisitarien aldetik.

Halaber, turismoa duten hiri gehienek partekatzen duten etxebizitza turistikoen gaia ere legeztatzeko beharra ikusten du Goiak, "bai zergen ikuspuntutik, bai hirigintzaren ikuspuntutik ere". Hala, Donostiako Udalak aurki onartuko du udal ordenantza berria, dagoeneko araututa dagoen gai honen araudia hobetuz.

"Eusko Jaurlaritzaren erregistroan dauden apartamentu turistikoen plazen erdiak Donostian daude. Guztira 8.500 plaza daude erregistratuta, horietatik 4.500 Donostian daude. Azkar hazi den fenomenoa ondo arautu behar dugu, honek ondorio zuzenak baititu bai bizikidetzan, hirigintzaren antolaketan edota alokairuaren prezioen igoeran", azaldu du.

Goiak esan duenez, Turismoaren Plan Estrategikoak turismo ikuspegi bat sortzea aurreikusten du, hiriko informazio eta datu guztiak modu egokian integratuz, erantzun egokiak eman ahal izateko". Zentzu berean, tasa turistikoaren beharra azpimarratu du, "hiriak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitateari erantzun ahal izateko".