Donostiako Udalaren Oporretan Euskaraz udaleku irekietan izena emateko epea ostiralean bukatuko da

Ostirala Arte Eman Daiteke Izena Donostiako Udaleku Irekietan
DONOSTIAKO EUSKARAREN UDAL PATRONATUA
Actualizado: martes, 3 mayo 2011 15:47

DONOSTIA, 3 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak urtero uztailean antolatzen dituen Oporretan Euskaraz udaleku irekietan parte hartzeko ostirala arte eman ahal izango da izena. Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara Euskararen Udal Patronatuaren bulegoetan, Konstituzio plazaren 2an, egin ahal izango da izen-ematea. Internet bidez ere egin daiteke www.euskaraz.net edo www.donostia.org helbideetan.

Ainhoa Beola Donostiako Udaleko Hizkuntz Normalkuntzarako zinegotziak jakinarazi du 2000tik 2006ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haurrek har dezaketela parte egitasmo honetan. Taldeak, gehienez ere, 12 haurrez osatutakoak izaten dira eta ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dira.

Izena eman duten haurren zerrenda maiatzaren 9an ikusgai egongo da Euskararen Udal Patronatuaren iragarki taulan eta www.euskaraz.net eta www.donostia.org helbideetan. Zerrendan ager daitezkeen datu okerrak zuzentzeko aukera egongo da 943 48 37 50 telefonora deituz, 16:00etatik 19:00etara.

Beolak gogorarazi du plazak zozketa publiko bidez eskainiko direla 80 talde osatu bitartean. Zozketa maiatzaren 11n egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, jarriko dira jendaurrean patronatuaren iragarki taulan eta www.euskaraz.net eta www.donostia.org webguneetan.

Oporretan Euskaraz udalekuak uztailean zehar egiten dira astelehenetik ostiralera 9:30etatik 13:30etara. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 9:30etatik 17:30etara bitartean, haur hezkuntzakoek izan ezik. Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haur txokoetako gelak erabiltzeko baimena izaten dute jolas, tailer eta txapelketak egiteko, ingurumena lantzen dute.

Hilabete osoko kuota 141,20 eurokoa da eta familia ugarientzat berriz, 106,09 eurokoa. Azken hauek Eusko Jaurlaritzak emandako familia ugariaren txartela aurkeztu behar dute. Bestalde, gizarte-laguntza jasotzen duten familietako haurrek ez dute kuotarik ordainduko. Egoera hau Donostiako Udaleko Gizarte Ongizate sailak Euskararen Udal Patronatuari eskura jarritako zerrenden bidez egiaztatuko da. Prezio honetan garraioa eta materiala barne daude.

Azkenik, Beolak adierazi du Donostiako Euskararen Udal Patronatuak 20 urtetik gora daramatzala udaleku hauek antolatzen eta arrakasta handia izan ohi dutela. Bere esanetan, euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria da oso, udaleku horiek euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak aprobetxatuz.