Donostiako Urrezko Danborra hautatzeko prozesua abian da

Urrezko Danbora hautatzeko prozesua aurkeztu dute
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 23 octubre 2017 14:20

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Donostiako Urrezko Danborra aukeratzeko prozesu berria martxan da, eta urrian, azaroan eta abenduan zehar garatuko da. Urrezko Danbor "parte hartzaileena" izango dela nabarmendu dute prozesuaren aurkezpenean Eneko Goia Donostiako alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Parte Hartze zinegotziak.

Horrela, astelehen honetan hasita, erroldatuta dauden donostiar guztiek, elkarteek, fundazioek, kirol klubek eta udal taldeek proposamenak aurkeztu ahal dituzte. Proposamenak Donostiako Udaleko web atariaren bidez egin ahal izango dira, eta bertan gune berezia jarri da.

Era berean, Altza, Easo, Morlans eta Udaletxeko Udalinfo bulegoetan eta Herri Partaidetzako Easoko bulegoan ere egin daitezke proposamenak; bertaratzen diren pertsonek laguntza teknikoa jasoko dute on line plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 5ean amaituko da.

Azaroaren 6tik 17ra, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Sailak proposamenak aztertuko dituzte eta txostena egingo dute. Txosten hori Udal Bozeramaileen Batzordera bidaliko da, eta batzorde horrek hiru eta bost hautagaitza artean aukeratuko ditu azaroaren 20tik 23ra. Hurrengo bost eguntean, hau da, azaroaren 24 eta 29 bitartean, Donostiako Udala aukeratutako hautagaiekin harremanetan jarriko da Urrezko Danborrarako hautagai izateko borondatea ezagutzeko.

Hautagaitza saritua abenduan jakingo da, eta horretarako, herri bozketa egingo da abenduaren 11tik 17ra. Bertan parte hartu ahal izango dute 16 urtetik gorako erroldatutako donostiarrek. Bozka on line egingo da udal web gunean, eta Altza, Easo, Morlans eta Udaletxeko Udalinfo bulegoetan eta Herri Partaidetzeko Easoko bulegoan ere bozkatu ahal izago da.

Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du, eta horretarako hainbat datu eskatuko dira. Horrenbestez, pertsona bat, boto bat printzipioa bermatuko da. Behin bozketa amaituta eta prozesua egiaztatuta, hautagai irabazlearen izena argitaratuko da, eta abenduaren amaieran udalbatzak irabazlea berretsiko du.