Donostiarrek partaidetzaren bidez proposatutako proiektuei erantzuteko 23,9 milioi bideratuko ditu Udalak 2015ean

Donostiako Udaleko ordezkariak
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 13 abril 2015 13:45

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Ogasun zinegotzi Jabi Vitoriak eta Herri Partaidetza zinegotzi Axier Jakak astelehen honetan iragarri dute 2015. urtean herritarrek partaidetza prozesuetan egindako eskaerei erantzuteko 23.875.265,32 euro bideratuko dituela Donostiako Udalak.

   Izagirrek nabarmendu duenez, donostiar askok eta askok parte hartu dute 2015eko aurrekontuak parte hartzaileak izan daitezen. "Herritarren aurrean hartutako konpromisoak betetzera goaz: haiek proposatutako proiektuak aurrera aterako ditugu", ziurtatu du.

   Donostiako alkateak azaldu du 2015erako luzatuta zegoen aurrekontuari kreditu gehigarria erantsiko diotela, 7.742.322,63 eurokoa, hain zuzen. Lasala eraikinaren salmentarekin aurreikusten diren diru sarrerekin egin ahal izango da kreditu gehigarri hori, eta auzoetan herritarrekin adostutako 80 proiektutara bideratuko da nagusiki, zehazki, 5.237.640,05 euro.

   Modu honetan, luzatuta dagoen aurrekontuan burutzen ari diren partaidetza bidezko proiektuei, orain berriak gehituko zaizkie. Halaber, partaidetzatik datozen proiektuekin batera, hiriarentzat beharrezkoak diren beste hainbat egingo dira, guztira 2.504.682,58 euroko kopuruarekin.

   Autobus geltoki berriaren sarbideen urbanizazioa (1.027.000 euro), Musika eta Dantza eskola berriaren obrak (714.035 euro), Kirol Patronatuaren bulegoen fatxadaren berritzea (80.000 euro), Herrerako desbideratze elektrikoa (84.214,24 euro) edo erabilera orokorrerako hainbat inbertsio (250.000 euro) dira proiektu berri horietako batzuk.

   Honela, herritarren parte hartze prozesuetatik eratorritako 80 proiektu izango dira guztira, gastu arruntari nahiz inbertsioei dagozkienak.