Dorothy Arzner zinemagileari ziklo bat eskainiko dio 62. Donostia Zinemaldiak

Merrily We Go to Hell filmaren argazkia.
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: martes, 19 agosto 2014 12:34

BILBAO, 19 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Zinemaldiak Dorothy Arzner zinemagile estatubatuarri ziklo bat eskainiko dio bere 62. edizioan, irailaren 19tik 27ra, antolatzaileek jakinarazi dutenez asteartean.

Dorothy Arzner (1897-1979) Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren barruan ezohiko kasua izan zen, Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesional bat egitea lortu zuen emakume bakarra izan zen eta.

Gaur egun, emakumea zinema-industrian sartzeari dagokionez aitzindaritzat jotzen da Arzner, baita estilo eta nortasun propioko zinemagiletzat ere. Berezitasun horri esker, Hollywoodeko estudioen sistemaren barruan zalantzarik gabeko sona lortu zuen, Donostiako Zinemaldiak adierazi duenez.

Dorothy Arzner San Frantziskon jaio arren, Los Angelesen hazi zen, eta 'Fashions for Women' filmarekin (1927) debuta egin zuen zuzendari gisa. Hurrengo urtean, soinuzko pelikula bat zuzendu zuen lehenengo emakumea izan zen, 'Manhattan Cocktail' zuen izena (1928).

Arznerrek beste 15 pelikula zuzendu zituen 30eko hamarkadan eta 40koaren hasieran eta Hollywoodeko izar askorekin lan egin zuen, pertsonaia femeninoetan arreta berezia jartzen zuten komedia eta melodrametan. Bere filmetan agertu ziren aktoreen artean, Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawford aurkitzen dira.

SINDIKATUAN SARTU ZEN LEHENENGO EMAKUMEA

1933an, Ameriketako Estatu Batuetako Zuzendarien Sindikatuan sartu zen lehenengo emakumea izan zen eta hainbat hamarkadatan emakumezko kide bakarra izan zen. Nahiz eta pixkanaka haren izena ahazten joan, 60ko hamarkadan, mugimendu feministek Arznerren ibilbidea goraipatu zuten eta hainbat omenaldi egin zizkioten, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean.

Gaur egun, haren filmografiak balio handiagoa hartu du, ez Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren historiako salbuespen bakana izateagatik bakarrik, baita berezko balioengatik ere. Arznerrek arrastoa utzi zuen estilo bisual dotoreko pelikula multzo baten bitartez. Film horiek ohiko rol sexualak eta emakumeek gizartean zuten funtzioa zalantzan jartzen zituzten. Kritikari batzuen arabera, mezu homosexual ezkutuak sartzen zituzten Hollywoodeko garai hartako egitura zurrunean.

Donostia Zinemaldiak Dorothy Arznerri eskainiko dion atzera begirakoa gaur egun gordeta dauden haren filmografiako hamabi filmez osatuta dago eta Espainiako Zinematekarekin lankidetzan antolatuta. Judith Maynek zinemagileari buruz idatzitako liburu baten argitalpen elebidunarekin (ingeles eta gaztelaniaz) osatuko da zikloa.

Irailaren 19tik 27ra proiektatuko diren filmak hurrengoak dira: 'The Wild Party' (1929), 'Sarah and Son' (1930), 'Anybody*s Woman' (1930), 'Honor among Lovers' (1931), 'Working Girls' (1931), 'Merrily We Go to Hell' (1932), 'Christopher Strong' (1933), 'Nana' (1934), 'Craig*s Wife' (1936), 'The Bride Wore Red' (1937), 'Dance, Girl, Dance' (1940) eta 'First Comes Courage' (1943), bere azken filma.