Douglas GmbH enpresak 103 If lurrindegi erosi ditu eta langileen lan baldintzak subrogatuko ditu

Publicado: jueves, 27 julio 2017 17:38

BILBO, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Douglas GmbH enpresak akordioa egin du Eroski Taldearekin 103 If lurrindegi erosteko. Operazio honetan, saltoki horietako lanpostuei eutsiko zaie, eta langileen lan baldintzak subrogatu egingo dira. Halere, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak onartu behar du operazioa, eta bitartean, denda horiek beren jardunean jarraituko dute.

Eroskik jakinarazi duenez, lehentasunezko helburu gisa hartu du lehiakortasuna datozen urteetarako, eta operazio hau bere estrategiaren parte da, arreta bere indarguneetan eta errentagarritasunean jartzen ari baita. Eroskiren Baliabideen Saileko zuzendari nagusia den Javier Amezagak positibotzat jo du operazioa, "epe erdira positiboa izango baita Eroskiren errentagarritasunerako".

Operazio honekin, Eroski Taldeak 1.270 supermerkatu eta 54 hipermerkatu ditu. Gainera, 19 Cash & Carry eta 330 denda ditu askotariko negozioetan, hala nola gasolindegiak, lurrindegiak, optikak, bidaia agentziak eta kirol materialen dendak. Zortzi on line denda ere ditu.

Eroskiren elikagaien banaketaren sare komertziala batez ere penintsularen iparraldean dago hedatuta, eta eskualde horretan toki sendoa du, merkatu kuotaren %18 hartzen baitu.