Durangoko Azokak 400 nobedade eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago izango ditu

Edukiak eta nobedadeak aurkeztu dituzte
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: martes, 21 noviembre 2017 14:07

Aurten ez da Argizaiola Saririk emango eta Azokak sortzaile berriei zuzenduriko beka bat banatuko du

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokak 52. edizioko nobebade eta datu orokorrak aurkeztu ditu astearte honetan, Plateruena Kafe Antzokian egindako agerraldian. Horrela, besteak beste, 400 nobedade (257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 27 bestelako), 240 stand eta 129 parte hartzaile izango dira Bizkaiko herrian abenduaren 6tik 10era. Gainera, guztira 200 ekitaldi izango dira "700 metrotan eta bost minutuko distantzian".

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eta Azokako zortzi guneetako arduradunek parte hartu dute aurkezpenean, hau da, Johana Olabarriak (Irudienea), Itsaso Gangoitiak (Saguganbara), Itziar Eliasek (Szenatokia), Gorka Juliok (Kabi@), Lutxo Egiak (Ahotsenea), Iban Etxebarriak (Plateruena), Oihane Agirrek (Azoka TB) eta Esther Sotok (Areto Nagusia).

Mujikak aurten azokara etortzeko gonbitea luzatu die kulturzaleei, eta, ziurtatu duenez, "abenduaren 6tik 10era"denon artean bizia emango diogu Sormenaren Lurraldeari". Mujikak jakinarazi du 52 Durangoko Azokaren aurrekontua 646.000 eurokoa dela. "Aurrekontu horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da, alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestalde, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona", esan du.

Zenbestapenen arabera, Durangoko Azokan inbertitzen den euro bakoitzetik hamar bueltan etortzen dira. "Nabarmentzekoa da, beraz, Azokaren itzulera ekonomikorako ahalmena", gaineratu du Mujikak.

Bestalde, gune bakoitzaren arduradunek bere gunearen egitaraua eta nondik norako nagusiak aurkeztu ditu, eta horrela, beste urte batez, azokazaleek hamaika aukera izango dituzte egitarauaz gozatzeko: solasaldiak, kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, ibilbide luzeko sortzaileak, hasiberriak, argitaletxe handiak, autoekoizleak edo formatu handiko ekitaldiak.

BEKA

Halaber, Gerediagako presidenteak Argizaiola Sariari buruzko argibideak eman ditu agerraldian. Aurten ez dela aitortza saririk emango jakinarazi du, "iraganera begira jarri beharrean, etorkizunari begira jarriko baita Azoka", eta sortzailei berriei zuzenduriko beka bat emango du.

"25 urtez gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen ahalegindu gara Argizaiola omen sarien bitartez. Eta beste hainbeste urtez jarrai genezake eskerrak ematen, eta ziur aski ez genuke sekula amaituko. Baina hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu", adierazi du.

Horregatik, aurten Argizaiola Sariaren 25 urteko ibilbideari errepasoa egin eta sortzaile berriei eskainitako sormen beka bat aurkeztuko du Azokak. "Omentzetik Ereitera" ekitaldian izango da, abenduaren 8an, 20:00etan Szenatokian.

Euskarazko kultur sorkuntzari ekarpena egin asmoz eta sortzaile berriei laguntza eskaini nahi zaie bekarekin. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntzan dauden fase guztietarako laguntza izango da, hau da, "hasieratik amaierara, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte".