Durangoko Azokak 50 urte beteko ditu ostiral honetan

Lehenengo Durangoko Azokako kartela
Foto: DURANGOKO AZOKA
Publicado: jueves, 29 octubre 2015 16:12

   BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Durangoko Azokak bere 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta, urtero bezala, abenduko lehenengo egunetan antolatuko da, kasu honetan, abenduaren 4tik 8ra arte, ohikoa baino egun bat gehiagorekin. Halere, hasierako edizioetan ez zen abenduan antolatzen, Domu Santu egunaren bueltan baizik, hots, urri amaieran eta azaro hasieran, eta lehenengo edizioa, 1965ean, urriaren 30ean hasi eta azaroaren 1ean amaitu zen. Beraz, ostiral honetan, urriaren 30ean, 50 urte beteko dira lehenengo Durangoko Azoka antolatu zenetik.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, Andra Mari elizpea izan zen lehen edizioa ospatzeko hautatutako lekua, eta bertan egin zen 1974ra arte. 50. urtemugaren harira, Gerediaga elkarteak liburu bat kaleratuko du Durangoko Azokaren mende erdiko ibilbidea bilduz. Liburua azokako egunetan salgai egongo da, eta egileak Jesus Mari Arruabarrena eta Joseba Sarrionandia dira.

   Liburuan lehenengo edizio hartako hainbat bitxikeria jaso ditu Arruabarrenak (Sarrionandiak nazioarteko eta Euskal Herriko testuingurua kontatzeaz arduratu da). Esaterako, Arruabarrenak libururako idatzitakoen artean irakur daitekeenez, lehenengo Durangoko Azoka antolatzeko lehen bilera Leopoldo Zugaza sortzailearen dendan egin

   zen. "Han elkartutakoek ametsik zoroenean ere ez zuten pentsatuko noraino puztuko zen asmo hura, eta gaur eguneko Azoka ikustera datorrenak nekez imajina dezake hasiera xume hura", dio Arruabarrenak.

   Horrela, lehenengo Durangoko Azoka 1965eko urriaren 30ean hasi zen. Ekimenaren aurrekontua 46.587 eurokoa izan zen, eta guztira 25 editoreren lanak aurkeztu ziren, 18 standetan. Lau diputazioek, Euskaltzaindiak eta "Amigos del Pais" elkarteak standak jarri zituzten, besteak beste. Parte hartzaileen artean ere izen ezagunak egon ziren: Auñamendi, Auspoa, Itxaropena, Sendo, Gomez, Espasa-Calpe eta abar.

USTEKABEKO ARRAKASTA

   Egileak gogoratzen duenez, ekimen aitzindari horrek arrakasta lortu zuen "ustekabean". Hala gogoratzen du Jose Luis Lizundiak ere, liburuan jasotzen den bezala: "Denok harritu ginen, editorialak bai geu, lehenengo Azokak izan zuen arrakasta ikusita. Jendeak egarria zeukan, gosea".

   Mota honetako lekukotzak eta gertakariak bildu ditu Jesus Mari Arruabarrenak Durangoko Azokaren urtemugarekin lotuta plazaratuko den liburuan. Era berean, Argizaiola Sarien bidez, Gerediaga Elkarteak bizirik dauden Gerediagako eta, beraz, Durangoko Azokako sortzaileak omenduko ditu, abenduaren 5ean egingo den ekitaldian.