Durangoko Azokako 50 urteak liburu batean

Durangoko Azokaren 50 urteei buruzko liburua
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: martes, 24 noviembre 2015 13:36

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren ibilbidea biltzen duen liburua aurkeztu du astearte honetan, Bilboko BBK aretoan, 50. urteurrena mugarri hartuta. Liburuaren egileak Jesus Mari Arruabarrena, Joseba Sarrionandia eta Txelu Angoitia dira. Liburua BBKren lankidetza bereziari esker kaleratu da.

   Arruabarrena eta Angoitiarekin batera, Gerediaga elkarteko kudeatzaile Aitziber Atorrasagasti, BBK-ko Gizarte Ekintza arloko Ixone Zubieta eta Gerediaga elkarteko idazkari Asun Elorriaga egon dira liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan.

   Liburua Durangoko Azokako egunetan erosi ahal izango da. Portadaren egilea Jose Luis Zumeta da, Azokako aurtengo kartela moldatuz. Liburua elebiduna da, 255 orrialde ditu, eta 20 euroko prezioan salduko da. Euskarazko parteak hartzen du nagusitasuna liburuko orri gehienetan, eta gaztelerazko bertsioa amaieran gehigarri modura erantsita dator.

   Gerediaga elkarteak liburua kaleratu du Azokaren 50. urteurrena mugarri gisa hartuta, alegia, azken 50 urteetako ibilbidea biltzeko, berau ezagutzera emateko eta "hurrengo 50 urteetako historia idazten hasteko, etorkizunean ere begirada jarriz". "Orain arte ez da horrelako bilketa lanik egin Azokaren inguruan; 50 urte betetzeak horretarako aukera eman dio Gerediagari", adierazi dute.

   Liburua saiakera formatuan idatzita dago, baina irakurterraza eta dibulgatiboa da. Lan bisuala da eta maketazio aldetik erakargarria, zaindua. "Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat" biltzen duen lana da, "euskal kultura eta Azoka bera barrutik ezagutzen eta ulertzen lagunduko duen liburua".

HIRU "UNIBERTSO"

   Liburuan hiru "unibertso" batzen dira: Mundutik Azokara, Azokatik Mundura eta irudiak. Mundutik Azokara "unibertsoan", nazioartean eta Euskal Herrian 1965tik 2015era arteko gertakariak jasotzen dira (politika, ekonomia, kultura eta abar), eta horiek denak Azokarekin lotzen dira. Azokaren historiari "testuingurua eta markoa" jartzen zaio, "oso perspektiba berezi batetik".

   Joseba Sarrionandia da egilea, eta "busti egiten da", bere ikuspegi pertsonala ematen baitu, "gordinean, lehenengo pertsonan, gertutasunean". Saiakera "ausarta" da, beraz, eta irakurleak "orain arte irakurri ez duen Sarri topatuko du, fikziotik urrun, errealitatera jauzi eginez". Horrez gain, saiakera "mamitsua" ere bada, datu eta bitxikeria ugari biltzen baititu, eta "zer pentsatua emango du".

   Azokatik Mundura atalari dagokionez, hastapena, aireratzea, egonkortzea eta modernizatzea jasotzen da. Jesus Mari Arruabarrenak Azokaren sorreran eta ibilbidean parte hartu zuten hamar lagun elkarrizketatu ditu, euren lekukotzak jasoz eta urte horietako giroa liburuan bilduz. Gaur egungo Azoka ulertzen lagunduko duen kontaketa da, eta etorkizunekoa eraikitzen ere lagunduko duena.

   Hirugarren "unibertsoan" irudia izango da nagusi. Txelu Angoitia da egilea, azken 15 urteetan Azokako argazkilari izandakoa. Azokaren ikuspegi artistikoa erakusten du, eta "kulturaren plaza beste begi batzuekin ikusteko aukera" izango da. Gaur eguneko erretratuez gain, argazki historikoak ere bildu ditu, bai eta edizio guztietako kartelak ere. Gerediagako artxiboko argazkiez gain, 'Deia' egunkariko artxibokoak ere agertzen dira.