Durangoko Azokan izena emateko epea irailaren 30a arte zabalik dago

Actualizado: jueves, 10 septiembre 2015 14:41

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Abenduaren 4etik 8ra ospatuko den 50. Durangoko Azokan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde eta banatzaileek zein auto-ekoizleek irailaren 30era bitarteko epea dute izena emateko. Horretarako, aurreko urteetan egin bezala, sareko izen-ematea irailaren 1etik egokituta dago www.durangokoazoka.eus webgunean.

   Azokaren antolakuntzak ostegun honetan prenmtsa ohar bidez jakinarazi duenez, iaz lehenengoz erakusmahai erdia kontratatzeko aukera izan zuten partaideek, eta aurten ere aukera berdina izango dute azokaren araudian jasotako irizpideen arabera. Auto-ekoizpenen gunea ere bigarren urtez egokituko da partekatutako erakustoki modura. Gainontzeko partaideen antzera, izena ematea irailean izango da.

   Halaber, Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kostu barik Durangoko Azokan euren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera ematen die. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren baten izan behar du eskatzaileak. Produktu guztiak "Durangaldeko argitalpenak" bezala erakutsiko dira, eta izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.