EAEk 1.000 milioitik gora jaso ditu 1990etik Europako Gizarte Funtsetik, enplegua eta laneratzea bultzatzeko

Ezkerretik eskuinera: Ranguelov, Muro eta Garcia Frontelo
IREKIA
Actualizado: jueves, 18 mayo 2017 13:56

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Marcos Muro Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordeak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 1.000 milioi eurotik gorako laguntza jaso du Europako Gizarte Funtsaren aldetik 1990. urtetik, enplegua eta laneratzea bultzatu duten ekintzak egiteko.

Ostegun honetan Bilbon izan den "Gizarte berrikuntza enpleguko eta gizarteratzeko politika publikoetatik sustatzen" jardunaldiaren inaugurazioan Murok nabarmendu duenez, "gogoan dugu Europako Gizarte Funtsak azken hamarkadetan enpleguan, prestakuntzan eta gizarteratzearen eta laneratzearen arloan Europa osoan eta gure Euskal Autonomia Erkidego honetan egin duen ekarpena".

Enpleguaren eta gizarteratzearen politika publikoei aplikatutako gizarte berrikuntzako adituak bildu ditu Jaurlaritzak antolatutako jardunaldiak, Europako zenbait lekutatik helduak. Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Politiketako eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Gobernu espainiarreko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin lankidetzan antolatu da topaketa.

Hain zuzen, Stanislav Ranguelov Espainiarako Enplegu eta Gizarteratze Politiketako koordinatzaileak eta Angel Garcia Frontelo Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzaileko zuzendariorde nagusiak bi erakunde horiek ordezkatu dituzte ekitaldian. Gainera, Europako Gizarte Funtsaren eta Espainiako eta beste herrialde kide batzuetako Enplegu eta Berrikuntza Sozialerako Programa ezartzeaz arduratutako erakundeak bildu ditu topaketak, esperientziak trukatzeko eta gizarte berrikuntzako proiektu zehatzetan erabilgarri dauden tresnak gauzatzeko.

Europako Gizarte Funtsaren sorreraren 60. urteurrenarekin bat etorrita, Murok gogoratu du Euskadin "ibilbide komun luzea" dugula 1990etik, "garrantzi handiko ekintzak gauzatu zirenean gure herrialdeko giza baliabideen beharrezko birkualifikazioari heltzeko".

Une horretatik aurrera eta hurrengo programazio epeetan, EAEk eskualdeko programa operatiboak edo horien baliokideak izan ditu, ekimen komunitarioak eta partaidetza eskualde anitzeko programetan, Europako Gizarte Funtsaren 1.000 milioi eurotik gorako laguntzarekin. "Euskadin pertsona kopuru oso handi baten lan perspektibak hobetzean inbertitu dugu, enplegua aurkitzen edo enpresak sortzen lagunduta, lan merkaturako prestakuntza eta konpetentzia garrantzitsuak emanda, bereziki arazo handienak dituzten pertsonei, eta aukera berdintasuna modu aktiboan sustatuta zeharkako elementu gisa", adierazi du.

HIZLARIAK

Goizean zehar Bizkaia Plazako eraikineko ekitaldi aretoan egin den jardunaldian bi hizlari izan dira, eta eztabaidatu behar ziren gaiei buruzko kontzeptuzko esparru bana aurkeztu dute.

Claire Grapeloux Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Politiketako eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiaren ekimenen koordinatzaileak eskuragarri dauden tresnei eta europar finantzaketa aukerei buruz hitz egin du, eta Gotzon Bernaola Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendaria gizarte berrikuntzako eragile garrantzitsuei buruz mintzatu dena.

Gainera, Europako hainbat lekutatik heldutako zenbait adituk europar tresnek finantzatutako jardunbide egokiei buruzko zazpi proiektu aurkeztu dituzte: Europako Gizarte Funtsaren Berrikuntza Sozialeko Programa Saxonia Beherean (Alemania); Enplegu eta Berrikuntza Sozialerako Programak Belgikan finantzatutako MISSION proiektua eta Frantzian finantzatutako La Rendez-vous des droits proiektua; Espainiako Itinerarios grupales de empleo en centros penitenciarios proiektua, Europako Gizarte Funtsak finantzatua; Murtziako Euroempleo proiektua, Europako Gizarte Funtsak finantzatua; ERSISI proiektua, Enplegu eta Berrikuntza Sozialerako Programak Nafarroan finantzatua, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko Programa, Europako Gizarte Funtsak finantzatua..