EAEko 1.666 lagun artatu dira C hepatitisaren aurkako botika berriekin 2015etik

Actualizado: viernes, 5 febrero 2016 14:36

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   C hepatitisaren birusagatiko hepatopatia kronikoa duten 1.666 pertsona artatu ditu Osakidetzak birusen kontrako botika berriekin 2015. urtetik, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran ostiral honetan jakinarazi duenez.

   Darponek Euskadin paziente guztiak artatuko direla jakinarazi du, "arian-arian, orain arte artatu diren moduan: sendagilearen eta ekitatearen irizpideei jarraikiz soilik eta esklusiboki".

   Gaixotutako pertsonei eta senideei Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren elkartasuna adieraziz hasi du sailburuak hitzaldia, itxaronaldi oro luzea baita beraientzat. Ildo horretan, azaldu du modu mailakatuan helduko zaiola C hepatitisari, pazienteak irizpide klinikoen arabera lehenetsita, Osakidetzan beti egiten den bezala, eta kasuaren gisako konplexutasuneko eta larritasun epidemiologikoko egoerei ekiteko munduko beste osasun sistema guztietan ere egiten den bezala.

   Horrenbestez, gogorarazi du aldibereko tratamendua ez dela bideragarria, osasun baliabide oso espezializatuak behar direlako, eta gaineratu du "zuhurtziagabea" ere badela, botika berriekin artatzen dugun eskarmentu falta dela medio.

   "Helburua paziente guztiak artatzea da, baina bermez eta segurtasun klinikoz, tratamendu berri eta konplexuari gertuko jarraipena eginez, kalitateko osasun laguntza emanda, adituen bitartez, eta beste biztanle eta patologia hepatikoak artatzeari utzi gabe", azaldu du.

BIGARREN FASEA

   Orobat, Osakidetzaren bitartez euskal gizartea egiten ari den "giza ahalegin eta ahalegin ekonomiko handia" azpimarratu ditu Osasun sailburuak. Ahalegin horrek tratamenduaren bigarren fasean jarraituko dutela jakinarazi du.

   Bigarren faseak, funtsean, hiru paziente multzo izango ditu ardatz: fibrosiaren F3 estadioan daudenak; 2015ean artatu direnak, baina tratamenduari erantzun ez diotenak; eta F2-F1-F0 estadioetan daudenak, baina komorbilitate jakin batzuk dituztenez, haiei tratamendua aurreratzea komenigarria direnak. Halaber, 2016an F4 estadioa diagnostikatzen zaien paziente berriak artatuko dira.

   Horretarako, Jarduera Terapeutikoen Plan berria taxutu da; 2016ko urtarrilean onartu zen, eta horixe izango da aurten jarraitu beharreko erreferentzia. Nolanahi ere, botika berriak merkaturatzen eta onartzen joan ahala, horiek ere gehituko zaizkio Jarduera Terapeutikoen Planari.