EAEko 19 udalerritan, biztanleen laurdenak baino gehiagok 65 urte edo gehiago zituen 2010ean

Actualizado: miércoles, 23 noviembre 2011 12:21

BILBO, 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 19 udalerritan, biztanleen laurdenak baino gehiagok 65 urte edo gehiago zituen 2010. urteko urtarrilaren 1ean, Eustatek landutako datuen arabera.

Bestalde, EAEk, %19,1ekin, bi puntu baino gehiagorekin gainditzen zuen Espainiako 64 urtetik gorakoen proportzioa. Gaztela eta Leonek, Asturiasek, Galiziak eta Aragoik zuten EAEk baino adinekoen proportzio altuagoa, eta Europarekin alderatuta, Alemaniak eta Italiak bakarrik zuten EAEkoa baino proportzio altuagoa.

Guztira, 113 udalerrik gainditu zuten EAEko batez besteko portzentajea, eta 138 udalerrik portzentaje bera edo txikiagoa zuten. Gainditu zutenen artean Bilbo, Donostia eta Barakaldo (Bizkaia) zeuden, EAE osoko biztanleen ia %30arekin.

Udalerri batetik bestera alde handiak zeuden 65 urteko eta gehiagoko pertsonen portzentajeari dagokionez, adibidez Burgelun (Araba) %8,4 eta Lagranen (Araba) %37,2. EAEko lau udalerrik %10etik beherako ehunekoa zuten: Altzok (Gipuzkoa), Dulantzik (Araba), Irurak (Gipuzkoa) eta aipaturiko Burgeluk, guztira 5.306 biztanlerekin. Bestalde, hiru udalerrik %30etik gorako portzentajeak zituzten: Añanak (Araba), Haranak (Araba) eta Lagranek, guztira 661 biztanlerekin.

65 urteko eta gehiagoko pertsona asko zituzten udalerri gehienak Araban zeuden, batez ere Arabako Mendialdean, Arabako Haranean eta Arabako Errioxan, eta Bizkaian honako eskualdeetan zeuden gehienbat: Gernika-Bermeon, Markina-Ondarroan eta Enkarterrietan.

Bestalde, EAEn, 16 urteko adingabeko bakoitzeko 65 urteko eta gehiagoko 1,4 pertsona zeuden, eta datu hori Espainia osokoa (1,1) baino altuagoa zen. 100 udalerritan erlazio hori gainditu egin zen. Muturreko kasuak ere egon dira: Lagranen erlazioa 1 eta 11 zen, eta Haranan 1 eta 6koa. Elantxobe (Bizkaia), Añana eta Moreda Araban 16 urteko adingabeko bakoitzeko adineko hiru pertsona baino gehiago zeuden, eta beste muturrean, Irura, Dulantzi, Altzo, Larraul (Gipuzkoa), Burgelu, Altzaga (Gipuzkoa) eta Iruña Okan (Araba) 15 urtera arteko bi gazte zeuden 65 urteko edo gehiagoko pertsona bakoitzeko.

Arabako udalerrietan gertatu ziren muturreko datu nabarienak biztanleak adinaren arabera sailkatzean, batez ere lurralde txikia delako eta migrazioa bezalako edozein fenomeno demografikok banaketa hori desorekatzen duelako.

ATZERRIAN JAIOAK

Bestalde, 2010eko urtarrilaren 1ean, EAEko biztanle guztien %7,8 atzerrian jaioa zen, eta Espainian, aldiz, portzentaje hori %14,1ekoa zen. Horrela, Espainiako autonomia erkidego zahartuenetakoak ziren Asturias, Galizia eta Gaztela eta Leonekin bat zetorren EAE. Izan ere, erkidego hauetan atzerrian jaiotakoak ez dira biztanleen %8 baino gehiago.

Atzerrian jaiotakoen ehunekoa EAEkoa baino handiagoa zuten 58 udalerrietatik 22 Arabakoak ziren, eta hauetako hamarretan %10etik gorako ehunekoarekin, gehienak Arabako Errioxan. Horrez gain, Espainiako ehunekoa gainditu zuten hiru udalerriak Berriatua (Bizkaia), %16rekin, Leza (Araba), %15,4rekin, eta Samaniego (Araba) %15ekin, izan ziren.

Halaber, 15 udalerritan atzerrian jaiotako biztanleen portzentajea ez zen %2 baino gehiago. Hauetako 11 Gipuzkoakoak ziren, euren artean Gaintza eta Orexa, non atzerrian jaiotako biztanlerik ez zegoen 2010eko urtarrilaren 1ean. Berastegi (Gipuzkoa) eta Ispaster (Bizkaia) kenduta, udalerri hauek guztiak 500 biztanle baino gutxiagokoak ziren.

Lurraldeetako hiriburuetan EAE osoan baino biztanle gehiago zen atzerrian jaiotakoa. Horrela, Gasteiz izan zen %10a gainditu zuen bakarra, Bilbon biztanle horiek %9,7 baitziren eta Donostian biztanleria osoaren %8,5 ozta-ozta.

JATORRIA

Amerikako herrialdeetako nazionalitatea zuten EAEko biztanleak atzerriko biztanle guztien %45,4 izan ziren, eta Espainian biztanle horiek nekez gainditu zuten %31. Hego Amerikako herrialdeetakoak izan ziren gehienak: Kolonbia, Bolivia, Ekuador eta Brasilekoak ziren atzerritar guztien %27,8 eta Amerikako atzerritarren %61.

Europako herrialdeetakoak, ordea, EAEko biztanleen %28 ziren, eta Espainian ia %45. Multzo honetan errumaniarrak nabarmentzen dira, atzerritar guztien %10,6 baitziren, Espainian %14 zirenean, baina europarren %38, Espainia osoan baino ehuneko 6 puntu gehiago. Portugaldarrak aurrekoak baino gutxiago izan arren Espainian baino pisu handiagoa izan zuten EAEn, europar guztiekin alderatuta; EAEn %13,5 ziren eta Espainian %5,5.

Afrikako herrialdeetako biztanleen ehunekoak antzekoak izan ziren EAEn eta Espainian, hau da, %20,8 eta %18,4, hurrenez hurren. Hala ere, nabarmentzekoa da Espainian Afrikako nazionalitatea zuten biztanleen %71 marokoarrak izan zirela eta EAEn ez zirela %50era heltzen. EAEn multzo horretako bigarren nazionalitaterik ugariena aljeriarrena izan zen (%16,3), eta Espainian %5,5 izan ziren.

Txinatarrak eta pakistandarrak atzerritar guztien %4,5 izan ziren EAEn, Espainian baino ehuneko puntu bat gehiago. Gainera, EAEn asiarren artean ia bakarrak ziren, haien artean %80 baitziren; Espainian ez ziren %68ra heltzen.

Lurraldeetako hiriburuak aintzat hartuz gero, kontinenteen araberako nazionalitateen banaketa askotarikoa izan zen. Bilbon eta Donostian atzerritarren %50etik gora Amerikako herrialdeetako nazionalitatea zuten, baina Bilbon gehienak Hego Amerikako herrialdeetakoak ziren, eta Donostian Erdialdeko Amerikakoak, Nikaragua eta Honduraskoak adibidez, pisu handia zeukaten.

Bi udalerri horien artean, gainera, europarren eta afrikarren banaketa desberdina izan zen; Donostian europarrak izan ziren nagusi (%32,4) frantziarren presentziagatik, eta Afrikako biztanleak %8 baino ez ziren Donostian. Bilbon, aldiz, ez zen hain alde handirik eman batzuen eta besteen artean: afrikarrak %21,4 izan ziren eta europarrak %17,1.

Azkenik, Gasteizen ez zegoen ezberdintasun handirik kontinenteen araberako banaketan; atzerriko biztanle gehienak Amerikakoak ziren, baina hauek atzerritarren %38,1 soilik ziren. Ondoren afrikarrak zeuden, ehuneko 6 puntuko aldearekin. Multzo honetan aljeriarrak izan ziren nagusi (%25,7), nahiz eta EAE osoan %16 baino ez izan. Europarrak %23 izan ziren; Portugaleko eta Errumaniako nazionalitatea zuten biztanleena zen multzo honetako handiena, guztizkoaren %53, baina portugaldarrak gehiago izan ziren, 191 pertsona gehiago, hain zuzen.