EAEko 20 ikastetxetako ehun bat ikaslek "Jasangarritasuna xede, gazteak sarean lanean" gutuna aurkeztu dute

Euskal CONFINT topaketan izan diren ikasleak
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 27 mayo 2015 14:18

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Eskola jasangarri gisa sailkatutako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 20 ikastetxetako ehun ikasle inguruk "Jasangarritasuna xede, gazteak sarean lanean" izeneko gutuna aurkeztu dute asteazken honetan Busturian (Bizkai) dagoen Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan egin den IV. Euskal CONFINT biltzarrean. Garapen jasangarriaren alde hartutako konpromisoak eta horiek betetzeko Eusko Jaurlaritzari eta irakasleei egindako eskakizunak jasotzen ditu gutunak.

   Horrela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jakinarazi duenez, "Jasangarritasuna xede, gazteak sarean lanean" gutuna Iñigo Urkullu lehendakariari aurkeztuko diote ekainaren 2an, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Biodibertsitatearen Zentroan egingo duen bileran.

   Gutun horren bidez, Euskadiko eskola jasangarrietako ikasleek adierazten dute beren hirietan eta udalerrietan zein konpromiso betetzeko prest dauden, "Salba dezagun planeta" goiburua sarean gauzatutako ekintza sorta bihur dadin, eta, horretarako, agintariei laguntza eskatzen diete.

   Ikasleak "erabateko protagonista" izan dira IV. Euskal COFINT bilkuran. Taldeen lanak bideratzeaz eta dinamizatzeaz arduratu diren zortzi "ekolider" gaztek gidatu dute topaketa, eta ingurumenaren eta garapen jasangarriaren gainean ikastetxeetan aztertutako esperientziei buruzko gogoeta egin dute, eta ondorioak atera eta landu dituzte.

BRUSELAN

   Ildo horretan, Bruselan egin den Europa mailako antzeko topaketa batean parte hartu duten bi ikaslek eta irakasle batek hartu dute hitza, eta egindakoa azaldu dute. Europar gazteekin izan direla, eskola komunitatean hartutako ingurumen konpromisoak ezagutarazi dizkietela lantaldeetan, ordezkari politikoekin klima aldaketari buruzko eztabaida saioa izan dutela eta Europako Parlamentua bisitatu dutela jakinarazi dute.

   Ikasleen lan esperientziak aditu ostean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurune eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok bukatu du jardunaldia, parte hartzaileei eskerrak emanez, "Euskadi jasangarriagoa izan dadin egindako lanarengatik eta proposamenengatik". Gainera, "konpromisoak ekintza bihurtzeko, Jaurlaritzarekin batera lan egiten jarraitzera" animatu ditu, "ikastetxeak, etxebizitzak, udalerriak eta hiriak ere gero eta jasangarriagoak izango baitira era horretan".

   Gazteen Nazioarteko Konferentzia (CONFINT) parte hartze globaleko prozesua da, mundu osoko gazteei aukera ematen diena planetaren hobekuntzaren aldeko gogoeta, ekinbidea eta ardurak eztabaidatu eta adosteko. Euskadiri dagokionez, IRAES 21 eskola jasangarrien sareak hartzen du parte CONFINT konferentzietan, 12 ikastetxeko lehen hezkuntza nahiz DBHko 1.200 ikasleren bidez.