EAEko 350 ikaslek konponbide berritzaileak bilatuko dizkiote elikadura segurtasunari FLL Euskadi lehiaketan

Martxan da FLL Euskadi lehiaketa
IREKIA/EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 14 octubre 2011 16:22

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 9 eta 16 urte arteko 350 ikasle inguruk ikerketa-proiektu, proiektu tekniko eta robot baten diseinu eta programazioen bitartez erantzungo diote First Lego League (FLL) Euskadi lehiaketak aurten planteaturiko erronkari: elikadura-segurtasuna.

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutnez, First Lego League kirol-ekitaldien formatua duen lehiaketa bat da, mundu osoko 55 herrialdetan egiten da eta zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen ditu, bai eta berrikuntzaren balioak, sormena eta talde-lana ere.

Elikagaien kalitatea bermatzea, intsektu, bakterio edo beste elementu batzuen bidezko kutsadura saihestuz; janariaren esterilizazio eta garraio-prozesua ezagutzea; edo biltegiratzeko baldintzak hobetzea dira Euskadi osoan FLL lehiaketa prestatzen ari diren 348 ikasleek aurrean izango dituzten erronketako batzuk.

Lehiaketaren mekanika eta beren parte-hartzea azaltzeko, Ortuellako (Bizkaia) San Felix ikastetxeko taldeko kide batzuk gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Paraninfoan izan dira, Pedro Luis Arias Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin, Juan Castro SPRI Taldeko Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariarekin, Lourdes Arana Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) zuzendari nagusiarekin, Juan Ignacio Perez EHUko Zientzia Kulturaren katedrako zuzendariarekin, Nerea Lupardo Euskalteleko Erakunde Harremanetarako zuzendariarekin eta Jose Maria Villate Innobasqueko zuzendari nagusiarekin batera.

San Felix ikastetxeko ikasleek lehiaketako mahai ofizial batean erakutsi dituzte beraiek programaturiko robotaren trebetasunetako batzuk, eta esan dute Euskadi osoko 9 eta 16 urte arteko 350 zientzialari-gai izango direla datorren abenduaren 3an FLL Euskadin parte hartzen; lehiaketa Euskaltelen egoitzan izango da, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Halaber, gogorarazi dute antolatzaileek 120 boluntarioren laguntza dutela, horien artean hainbat erakunde eta enpresatako zuzendari nagusiak eta goi-karguak. Lehiaketako epaileen aldetik lau eremuetan (zientzia-proiektuan, proiektu teknikoan, programazio robotikoan eta talde-lanean) kalifikaziorik onena lortzen duten hiru taldeak Espainiako finalera igaroko dira; aurten Iruñean izango da, Bilboren lekukoa hartuz.