EAEko 61.000 familiak etxebizitza aldatzea behar bat dela uste dute, baina %20k bakarrik egin dezaken aurten

Actualizado: lunes, 21 julio 2014 13:46
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko familien %7,1ek (61.000 inguru) etxebizitza aldatu behar duela uste du, baina bostetik batek baino ezin izango du hori aurten egin. Gainontzekoek oraingo etxebizitzan gelditu beharko dute edo erreformaren bat egin, harik eta etxeko ekonomiarentzat "garai hobeak" datozen arte.

   Horrela, etxebizitza aldatzeko beharra handitu egin da azken bi urteotan, eta behera egin du, ordea, pertsona askok aldaketa horri epe laburrean aurre egiteko duten ahalmenak.

   Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dauden 872.500 etxetatik 61.621ek dute behar hori (%7,1), Etxebizitzen Beharrei eta Eskariari buruzko 2013ko inkestaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak bi urtean behin egiten duen azterlana da aipatutako inkesta.

   Txostenaren datuen arabera, Bizkaian handitu da gehien etxez aldatzeko beharra (41.283 etxe eta %85,7ko hazkundea), eta ondoren Araban, baina neurri apalagoan (%33,6). Gipuzkoan, bestalde, 9.218 etxebizitza zeuden egoera horretan 2011n (guztien %3,4) eta 11.521 2013an (%4,1). Euskadi osorako emandako datuen arabera, 2005etik ez zegoen etxebizitza aldatzeko hainbesteko beharrik.

   Etxebizitzaz aldatzeko premia duten 61.621 etxebizitzetatik %20,5ek baino ez dute aldaketa hori aurten egiteko aukera, 2011n baino lau puntu gutxiago. Epea lau urtera handituz gero, ordea, %49,5era handitzen da aukera hori.

   Etxebizitza aldatzeko arrazoien artean tamaina desegokia aipatu dute %33,1ek. Alokairu merkeagoa bilatzea (% 17,2) aipatzen dute horren ostean; handitzen ari da zergati hori azken urteotan. Etxebizitzan irisgarritasun gabeziak egotea eta igogailurik ez egotea aipatzen dute ondoren (%11,1).

   Alokairu merkeagoa bilatzen dutenak gero eta gehiago dira, eta gutxiago etxebizitza jabetzan eskuratu nahi dutenak. Hala, portzentaje hori %15,4 zen 2008an, baina %4 besterik ez 2013an.

   EAEn gurasoekin edo tutoreekin batera bizi dira 18 eta 44 urte arteko 267.256 pertsona. Horien %24,5ek -65.346 guztira- lehen etxebizitza eskuratu behar dute baina ez dute diru sarrera nahikorik egiteko. Ehuneko hori handitzen da adina handitu ahala, eta %33ra iristen da 35 eta 44 urte arteko tartean; haietako gehienak, dena den, emantzipatuta daude jada.

   Etxebizitza eskuratzeko adina diru sarrera ditu 18 eta 44 urte arteko lau pertsonatik batek, baina adin tarte horretako pertsonen %63entzat, aldiz, ezinezkoa da, ez dutelako diru sarrerarik edo horiek nahikoak ez direlako.

   Etxebizitzen Beharrei eta Eskariari buruzko 2013ko inkestak horren berri ematen du, eta Gipuzkoa baino ez da salbuespena. Bi faktorek eragin dute beherakada orokor hori -ia %40koa 2010koaren aldean- nagusiki: demografia eta krisi ekonomikoa.

   Gurasoekin batera bizi diren 18 eta 44 urte arteko pertsonen kopuruaren jaitsierarekin dago lotuta lehenengoa. Hala, 2010ean 302.733 izatetik 2013an 267.256 izatera igaro dira; %11,7ko beherakada, beraz. Diru sarrerak ez dituzten (%52,8) edo horiek nahikoak ez diren edo ezegonkorrak diren (%10,2) biztanleen hazkundearekin lotuta dago bigarrena. Bien artean 168.407 pertsona zeuden 2013an.

   Lehen etxebizitzaren behar horren beherakada Bizkaian eta Araban gertatu da. Bizkaian, 18 eta 44 urte arteko biztanleek 29.945 etxebizitza behar zituzten 2013an, 2011n baino 16.863 gutxiago (%36ko murrizketa). Arabako biztanleek ere eskatzen dituzte lehen etxebizitza gutxiago 2011n baino; hala, 8.306 etxebizitza behar zituzten 2011n baina 6.666 2013an (%19,7ko beherakada).

   Aurrekoetan ez bezala, Gipuzkoan apur bat gora egin du lehen etxebizitzaren beharrak, 21.246tik 22.707ra 2011 eta 2013 artean (%6,9ko hazkundea).

KRISIAREN ERAGINA

   Lehen etxebizitzaren beharrak 2010-2013 artean izandako beherakada handiak agerian uzten du krisi ekonomikoak biztanleen emantzipazio prozesuetan izan duen eragina.

   Aldi horretan 104.779tik 63.335era murriztu da bikotekidearekin bizitzeko edo besterik gabe independizatzeko lehen etxebizitza bat behar duten eta horretarako diru sarrerak dituzten pertsonen kopurua (lehen etxebizitzaren lau eskatzailetik hiruk familiatik emantzipatzea aipatzen dute).

   2010-2011 aldian ez bezala, familia berriak sortzea dakarten emantzipazio proiektuekin lotutako beharraren jaitsiera eragin du orain narriadura ekonomikoak.

   Lehen etxebizitza eskatzen duten biztanleen %44,1ek besteren konturako lana dute, bai eta kontratu finkoa ere, eta %36,8k, berriz, aldi baterako kontratua. Norbere konturako langileak %11 dira, eta %10etik beherako ehunekoak dituzte gainerako kategoriek. Alokairua hautatzen dute %38,7k, eta jabetza %36,7k.

   Azkenik, eraikuntza ezaugarriei dagokienez, 61 eta 71 metro koadro arteko etxebizitzak hautatzen dituzte %30,1ek, eta 60 metrotik beherakoak %28,4k.