EAEko Artxiboen Legeak lehenengo aldiz arautuko ditu agiri elektronikoak

Actualizado: martes, 4 enero 2011 11:18

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Artxiboen Legearen proiektuak Artxiboen Euskal Sistemaren arautze integralari ekingo dio eta, lehenengo aldiz, agiri elektronikoak arautuko ditu, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren Legebiltzarreko erantzun baten arabera.

Kultura Sailak Artxiboen, Agirien eta Ondare Dokumentalaren Legearen Proiektuaren hasierako jarrera "berriz planteatzeko" izan dituen arrazoiei buruz galdetuta, Urgellek erantzun du hasierako planteamendua "joan den legealdian hasitako Artxiboen, Agirien eta Ondare Dokumentalaren Legearen aurreproiektuaren izapideekin jarraitzea" izan zela.

Hala ere, Kultura sailburuak azaldu duenez, "aipatu aurreproiektuak gabezia garrantzitsuak zituela egiaztatu zen, eta horregatik legearen aurreproiektu berria egingo da".

Hasierako proiektuarekin alderatuta aldatuko diren alderdiei dagokienez, Urgellek adierazi du "artxiboen egungo ikuskeratik eta erakundeetan duten zeharkako betebeharretik abiatzen den" lege aurreproiektua egitea dela asmoa, "artxiboak Historiaren eremura atxikitzen dituen ikuspegi tradizionaletik haratago, kontserbazio-agiri iraunkor oro iraganaren testigantza baten ondorio dela ahaztu gabe".

Bestalde, Kultura sailburuak esan du laster onartuko dela EAEko Artxiboen Legearen aurreproiektuaren zirriborro berria eta ondoren lege proiektuaren izapideak egiten hasteko Agindua emango dela.