EAEko azalera handietako salmentak %3,5 gutxitu ziren 2011n

Azalera handietako salmentak murriztu egin dira 2011n EAEn
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 26 enero 2012 12:18

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritzako azalera handietako salmentek urtetik urtera %4ko beherapen nominala izan zuten 2011ko abenduan, lan-egutegiko termino homogeneoetan. Horrela, 2011 osoan, azalera handietako salmentak %3,5 gutxitu ziren aurreko urtearen aldean, Eustatek landutako datuen arabera.

   Halaber, azalera handietako elikagaien salmentek %3,9ko beherapen nominala izan zuten abenduan urte batetik bestera, eta gainerako produktuenak %4 jaitsi ziren. Urtetik urterako erkaketan, salmentek behera egin zuten EAEko hiru lurraldeetan: Araban jaitsiera %4,5ekoa izan zen, Bizkaian %3,1ekoa eta Gipuzkoan %5,2koa.

   Bestalde, azaroarekin alderatuta, EAE osoko salmentek %0,7 egin zuten gora, balio nominaletan. Elikagaien salmentak %2,5 jaitsi ziren aurreko hilabetearekin erkatuta, eta gainerako produktuen salmentetan %2,5eko hazkundea gertatu zen.

   Lurraldeen arabera, eta azaroarekin alderatuta, azalera handietako guztizko salmentek gora egin zuten Araban (%5,0) eta Bizkaian (%0,7), baina Gipuzkoan salmentak jaitsi egin ziren (-%1,3).

   Bestalde, termino konstanteetan, abenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko azalera handietako salmentek %6,3 egin zuten behera urtetik urtera, eta %0,7 igo ziren aurreko hilabetearen aldean.

   Halaber, 2010eko abenduarekin alderatuta, elikagaien salmentak %6,6 eta gainerako produktuenak %6,1 murriztu ziren, euro konstanteetan. Lurraldeen bilakaera aztertu ostean, beherakada izan zen guztietan: Bizkaian jaitsiera %5,5ekoa izan zen, Araban %6,8koa eta Gipuzkoan %7,6koa, termino konstanteetan.

   Aurreko hilabetearekin konparatuz, eta prezioen eragina alde batera utzi ostean, elikagaien salmentek %2,4 egin zuten behera abenduan, eta gainerako produktuen salmentek %2,4 gora. Lurraldeka, Gipuzkoan %1,1eko beherakada izan zen, eta Bizkaian (%0,7) eta Araban (%4,9), aldiz, gorakadak gertatu ziren, beti termino errealetan.

   Merkataritzako azalera handietako establezimenduetan lan egin duten pertsonen kopurua %1,0 gutxitu zen abenduan, azaroarekin alderatuta, termino desestazionalizatuetan. Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsierak gertatu ziren, %0,8koa eta %1,7koa, hurrenez hurren, eta aldea positiboa izan zen Araban, 0,1eko igoerarekin.

2011KO BALANTZEA

   Abenduko datuak kontuan hartuta, azalera handietako salmentek %3,5eko jaitsiera nominala izan dute 2011. urte osoan, aurreko urtearen aldean. Behin prezioen eragina kenduta, -%6,6ko tasa erreala ateratzen da, lan-egutegiko termino homogeneoetan betiere.

   Lurralde historikoetan, 2011 osoan metatutako bilakaerak honakoak dira: Araban %3,7 jaitsi dira salmentak, Bizkaian %3,6 eta Gipuzkoan %3,1, termino nominaletan.

   Termino errealetan ere, beherapenak gertatu dira EAEko hiru lurraldeotan: Araban %6,8 egin dute behera, Bizkaian %6,7 eta Gipuzkoan %6,2.