EAEko biztanleen %63k uste du egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela

Actualizado: jueves, 18 junio 2015 12:42

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoera ekonomikoaren pertzepzioa hobetu egin da azken neurketekiko, baina oraindik ere egoera txarra edo oso txarra dela uste dutenak (%63) gehiago dira ona edo oso ona dela uste dutenak (%35) baino.

   Dena den, egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela uste dutenak 2009-2010 urteetako portzentajeetatik behera egin dute lehen aldiz, orduan %66koa baitziren. Gainera, EAEko egoera ekonomikoaren pertzepzioa Estatukoarena baino askoz hobea da.

   Datuek hauek eta beste batzuk agertu ditu Eusko Jaurlaritzako kaleratu duen 58. Euskal Soziometroak. Landa lana apirilaren 22tik 29ra bitartean egin zen, 18 urtetik gorako 2.170 lagun aurrez aurre elkarrizketatuta.

   Egoera politikoari dagokionez, herritarren iritzia zatituago dago, kasu honetan ere txarra dela uste dutenak gehiago diren arren: %53ren iritziz txarra edo oso txarra da, eta %37rentzat ona edo oso ona.

   Lan merkatuarekin lotutako arazoak (%80k aipatu ditu hiru arazo nagusien artean) dira EAEko biztanleak gehien kezkatzen dituena berriz ere. Maila dezente apalagoan, arazo ekonomikoak (%17k) eta egoera politikoa eta gatazka politikoa (%15k) aipatzen dira.

   EAEren eta Estatuaren artean desberdintasuna nabaria da ustelkeria eta iruzurrak arazo nagusien artean duen pisuarena. Horrela, EAEn, herritarren %9ren ustez hiru arazo garrantzitsuenen artean dago, eta Estatuan, aldiz, %49k uste du hori (CISen datuen arabera).

   Alderdi politikoen balorazioa apur bat igo da aurreko neurketarekiko, Podemos-Ahal Dugu, UPyD eta PPrena izan ezik. EAJ izan da balorazio altuena izan duen alderdia (4,5), eta ondoren Podemos-Ahal Dugu (3,9), EH Bildu (3,5), IU-Ezker Anitza (3,2), PSE-EE (3,1) Ciudadanos (3,0), UPyD (1,7) eta PP (1,3).

   Azkenik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da 5eko mugara iritsi den euskal buruzagi politiko bakarra (5a jaso du, 0tik 10eko eskalan); atzetik datoz EH Bilduko Hasier Arraiz (4,6), EAJko Andoni Ortuzar (4,3), PSE-EEko Idoia Mendia (3,9), PPko Arantza Quiroga (2,4) eta UPyDko Gorka Maneiro (2,1).