EAEko esportazioen prezioak %0,5 gehitu dira urteko lehen hiruhilekoan

Esportazioen prezioak gora urteko lehen hiruhilekoan
Europa Press
Actualizado: lunes, 26 junio 2017 11:29

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioen prezioak %0,5 gehitu dira 2017ko lehen hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, eta %2,3 aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Inportazioen prezioetan %5,1eko hazkundea izan da lehen hiruhilekoan, 2016ko laugarren hiruhilekoaren aldean, eta %13koa iazko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera.

Esportazio energetikoek eragin diete gehien prezioei, bai aurreko hiruhilekoaren aldean, bai urte artean. Horrela, iazko azken hiruhilekoaren aldean esportazio energetikoen prezioak %7,3 gehitu dira, eta ez energetikoenak ez dira aldatu (%0,0). Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean esportazio energetikoen prezioak %13,9 gehitu dira, eta ez energetikoenak %1,8.

Inportazioetan, produktu energetikoen prezioetan %11,6ko gorakada izan da hiruhileko artean, eta ez energetikoenean %2,9koa. Urte artean, aldiz, energetikoen prezioetan %40,8ko hazkundea izan da, eta ez energetikoenetan %6,5ekoa.

Ondasunen helburu ekonomikoaren sailkapenari jarraituz, esportazio
prezioen indizean eta aurreko hiruhilekoaren aldean, kapital ondasunen prezioak %1,8 jaitsi dira, eta kontsumo ondasunenak %0,4; bitarteko ondasunen prezioak, aldiz, %1,4 gehitu dira. Urte artean, bitarteko ondasunen prezioak %3,1 igo dira, kapital ondasunenak %1,3, eta kontsumo ondasunenak %0,8. Inportazioetan, kapital ondasunen prezioak %1,2 murriztu dira hiruhileko artean eta %1,3 urte artean; gainerako ondasunetan gehikuntzak izan dira.

Bestalde, esportazioak nora doazen kontuan harturik, 2016ko laugarren hiruhilekoaren aldean, prezioak igo egin dira ELGAra (%0,6), 28-EBra (%0,5), Euro eremura (%1,0) eta munduko gainerakora (%0,1) egindako esportazioetan. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean jaitsiera bakarra izan da, munduko gainerakora egindakoetan (-%0,1).

Azkenik, inportazioetan urte artean goranzko joera izan da eremu guztietan, batez ere munduko gainerakoan (%8,0 hiruhileko artean eta %34,6 urte artean).