EAEko herri erakundeek "euskararen txantxangorria" aurkeztu dute, "euskara erabiltzeko gonbidapena"

Ekitaldian izan diren eragileak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 15 enero 2016 15:28

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   HAKOBAko kide diren Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek eta Eudelek "euskararen txantxangorria" aurkeztu dute ostiral honetan Donostiako San Telmo museoan. Irudia "euskara erabiltzeko gonbidapena" dela adierazi dute ekitaldian.

   Ekitaldian hitza hartu dute Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Miren Azkarate Donostiako Udaleko 2016ko Hiriburutza eta Euskara ziengotziak, Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara diputatuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundikoak eta Mikel Pagola Urnietako alkate eta Eudeleko batzorde eragileko ordezkariak.

   Arlo pribatuko eragile ugarik ere parte hartu dute, hala nola EAEko unibertsitateetako ordezkariak, kirolariak eta kirol taldeetako ordezkariak, kultur eragileak, enpresariak edota finantza entitateetako ordezkariak. Ordezkari guztiek bere egiten dutela txantxangorriaren ekimena.

   Donostian aurkeztu den ekimena ez dela Eusko Jaurlaritzaren ekimena soilik azpimarratu dute, HAKOBAk bideratutako ekimena baita. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek eta Eudelek bat eginda sustatutako ekimena da txantxangorriarena, hain zuzen ere. Halere, txantxangorria "gizarte guztiarena" dela azpimarratu dute.

   Txantxangorriaren "irudi atsegin eta maitagarriaren bitartez" herritarrei "euskara erabiltzeko gonbidapena" egin nahi zaie. "Herritar guztientzako gonbidapena: euskaraz ondo dakitenentzat, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat. Denen ekarpena baita baliagarria", adierazi dute.

   Cristina Uriartek zinez eskertu die herri erakundeei "elkarlanerako jarrera eta borondatea". "Euskara sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea da aurrera egiteko modurik eragingarriena. Jarrera eredugarria erakutsi duzue denek", esan du. Gainera, ekimenarekin bat egin nahi izan duten gizarte eragile guztiei ere eskerrak eman dizkie.

GONBIDAPENA

   Bestalde, Patxi Baztarrikak adierazi du "euskararekin, euskararen erabilerarekin, euskararen aldeko jarrerarekin lotuko gaituen irudi berri eta freskoa" aurkeztu dutela. "Txantxangorria beti izan dugu maite. Betidanik izan da gure paisaiaren parte, bere irudi arin, atsegin, jostari eta airosarekin. Maitea dugu, kuttuna, baina txikia eta hauskorra da. Erakargarri gertatzen zaigu, geure sentitzen dugu, ahula dirudi baina bizia da. Euskara bezala", adierazi du.

   Donostiako Udalaren izenean, Miren Azkaratek esan du "Europako ahotsen itsasargian indartsu" entzungo dela ostiral honetan "hemen bildu den txantxangorri aldraren txioa eta kantua". Mikel Pagolak, Eudelen izenean, gonbidapena egin die herritar guztiei euskara erabil dezaten, "nork bere mailan, naturaltasunez eta konplexurik gabe, edozein esparru eta egoeratan".

   Halaber, Igone Martinez de Lunak nabarmendu duenez, euskararen arloan, "Arabako gaurko erronkak dira euskara maila guztietan sustatzea eta haren erabilera areagotzea".

   Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbaok hitz egin du, eta esan du "erabileran" jokatzen dela euskararen partida. "Erabiltzea da euskara indartzeko errezetarik eraginkorrena. Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuetan eta Bizkaian zehar ahaleginak eta bi egingo ditugu txantxangorria bideratzen: hasi gara. Eta ahaleginak eta bi euskararen hegaldia hauspotzen", gaineratu du.