EAEko ikastetxeetan autobabeseko euskal arau berria ezartzeko prozesua hasi da

Actualizado: jueves, 15 septiembre 2011 18:44

GASTEIZ, 15 Sep. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Mari Sol Estebanek eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburuorde Raul Fernandez de Arroiabek EAEko ikastetxeetan autobabeseko euskal arau berria nola zabalduko den azaldu dute gaur. Arautegi berri hori sartzeko, Jaurlaritzak "administrazioek eta herritarrek lankidetzan jarduteko konpromiso sendoa" ezarriko du, segurtasuna are gehiago indartzeko, "eskoletako funtsezko helburua" baita.

Prozesua gaur bertan abiatu da, eta horretan Arabako ikastetxe guztietako zuzendariek parte hartu dute, guztira, ehun zuzendarik baino gehiagok. Goiz osoan, arau berria ikastetxeetan aplikatzeko behar duten prestakuntza jaso dute irakasleek, gero bertako langileei azaltzeko. Era berean, zuzendariek "Autobabesa eguneroko bizitzan" hezkuntza-materiala ezagutu dute. Material horren 1.000 ale baino gehiago inprimatu da eta bertsio digitalean, berriz, 15.000 ale baino gehiago sortu da, euskal ikasleek erabili dezaten.

Irakasleak prestatu eta gero, prentsaurrekoa izan da, eta bertan, Marisol Estebanek azpimarratu du Hezkuntza Sailak beti jarraitu duela "politika aktiboa" arriskuei aurre egiteko, "noiz edo noiz ikastetxea erabiltzen duten talde guztiak biltzen dituen politika", hain zuzen ere. Bere iritziz, gaur arte egindako lanaren adierazgarri argia dira ikastetxe guztiek ezarrita dituzten larrialdi-planak, ikastetxeetan azaltzen diren seinaleak (20.000 baino gehiago) edo euskal irakasleek (17.000 baino gehiagok) dagoeneko jaso dituzten prestakuntza-planak.

Bestalde, Raul Fernandez de Arroiabek azaldu duenez, "arriskuak aurreikusteko gaietan benetako helburuak lortzeko, ezinbestekoa da motibazioa eta herritar guztiek nork bere burua babesteko konpromisoa hartzea". Gaur aurkeztu den hezkuntza-material berri horrek ikasleak gai horretan prestatu nahi ditu. "Izan ere, biztanleen artean eurek dira babesgabeenak baina hain zuzen ere eurek dute autobabeseko oinarrizko kontzeptuak bereganatzeko ahalmenik handiena", azpimarratu du.

Gaur hasi eta abenduaren 22a arte, prestakuntza hori Euskadiko berritzeguneetan emango zaie zuzendariei, herri-ikastetxeetan guztira dauden 688 zuzendariek jaso arte. Guztira, 17 saio emango dira hiru hilabetean. Lehenengo etapa hau amaitu eta gero, nozio horiek modu piramidalean zabalduko dira, zuzendariek irakasleei zabalduko dizkiete, eta horiek ikasleei; nozio horiek ikastetxeetako gainerako langileei ere zabalduko zaizkie.