EAEko langabezia tasa %11ra jaitsi da urteko bigarren hiruhilekoan

Eraikuntzako langileak
Europa Press
Actualizado: viernes, 21 julio 2017 10:34

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %11ra jaitsi da 2017ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,4 puntu gutxiago. Guztira, enplegua bilatzen ari diren, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lan egiteko disponibilitatea duten pertsonak 113.900 izan dira bigarren hiruhuilekoan, aurrekoan baino 3.100 gutxiago, Eustaten datuen arabera.

Emakume langabeen kolektiboa 54.400 pertsona dira, eta 6.900 pertsonatan egin du behera. Gizon langabeak 59.500 dira, aurreko hiruhilekoan 3.800 baino gehiago. Emakumeen langabezia tasa %11 da (%1,5 puntu gutxiago), eta gizonena ere, baina %0,6 puntu igo da. Gazteen langabezia tasak jarraitzen du altuena izaten (%19,1), %4,1 puntu murriztu den arren. Horrela, langabeziak 16 eta 24 urte bitarteko 8.200 gazte aktibotan du eragina.

Lurraldeen arabera, langabe kopuruan egon den beherakada handiena Bizkaian izan da (2.300 gutxiago), eta langabezia tasa %12,2 da, aurreko hiruhilekoan baino puntu erdi gutxiago. Gipuzkoan 29.700 langabe daude, aurreko hiruhilekoan baino 1.300 pertsona gutxiago dira, eta langabezia tasak ere behera egin du puntu erdi eta %8,8 da. Araban langabeziak gora egin du, 600 pertsona gehiago baitira aurreko hiruhilekoaren aldean, eta langabezia tasak hiru hamarren egin du gora (%11,6).

Eurostat Europako Batasuneko Estatistikako Bulegoaren datuen arabera, joan den maiatzean, Europar Batasuna-28ko langabezia tasa %7,8 izan zen, eta, Espainiako Estatukoa, aldiz, %17,7.

Bestalde, EAEko lan merkatuaren gaineko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, okupatuak 923.200 dira, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 13.800 gehiago (%1,5 gehiago). Biztanleria okupatuaren eta langabearen bilakaeraren emaitza gisa, jarduera tasa %56,5 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,5 puntu gehiago.

Generoaren arabera, okupazioaren gorakada handiagoa izan da emakumeetan, eta 8.800 okupatu gehiago daude aurreko hiruhilekoan baino. Gizonetan 5.100 okupatu gehiago izan dira. Lurraldeen arabera, hiruretan
egon dira hazkundeak: okupazioaren hazkuntza gehien izan duen lurraldea Bizkaia izan da, 7.600 okupatu gehiagorekin; gero Gipuzkoa kokatu da, 5.300 okupatu gehiagorekin, eta azkenik Araba, 1.000 gehiagorekin.

Azken urtean okupatuen kopuruak gora egin du, eta langabeenak, aldiz, behera. Zehazki, EAEko biztanleria okupatuak gora egin du 2016ko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta 19.600 pertsona gehiago dira (%2,2 gehiago). Hazkunde hori emakumeetan 10.000 okupatu gehiagokoa izan da eta, gizonetan, 9.600 gehiagokoa. Langabezia tasak, aldiz, %14tik %11ra murriztu da azken urtean, eta horrela, 32.900 pertsonak utzi diote EAEn langabezia egoeran egoteari, 2016ko bigarren hiruhilekoko datuen aldean.

SEKTOREAK

Bestalde, EAEko jarduera sektore guztiek berreskuratu dituzte okupatuak, eraikuntzak izan ezik. Horrela, biztanleria okupatuak gora egin du zerbitzuetan, 6.900 okupatu gehiagorekin, industrian, 6.400 gehiagorekin, eta lehen sektorean, 700 gehiagorekin. Eraikuntzan, ordea, okupatuak 200 pertsona gutxiago dira.

Okupazio tasak, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona okupatuen ehunekotan kalkulatuta adin horien guztizkoaren gainean, %1,1 egin du gora, aurreko hiruhilekoaren aldean, eta %66,9an kokatu da. Tasa hori %70,1era iritsi da gizonetan, eta %63,8ra emakumeetan.

Lurraldeka, okupazio tasa altuena Gipuzkoakoa da, %68,7, eta aurreko hiruhilekoaren aldean %1,1 egin du gora. Arabako okupazio tasa %67 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 gehiago, eta azkenik, Bizkaikoa %65,8 da, %1,2 puntu gehiago.

Halaber, 2017ko bigarren hiruhilekoan, EAEn 877.800 etxe inguru daudela zenbatetsi da, eta, horietatik, heren batek ez du pertsona bat ere aktibo. Etxeen erdian baino pixka bat gehiagotan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 11.100 familia gehiago. Gainera, 39.000 etxek dituzte pertsona aktibo guztiak langabezian, aurreko hiruhilekoan baino 800 etxe gutxiagok.

Azkenik, EAEn batez beste Gizarte Segurantzako 852.100 afiliatu daudela zenbatetsi da. Horietatik, %98,3 okupatuak dira Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) irizpideen arabera, hau da, 837.900 lagun.