EAEko langabezia tasa %13,9 da eta 9.300 okupatu gehiago daude 2016ko bigarren hiruhilekoan

Actualizado: viernes, 22 julio 2016 11:02

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan merkatuaren 2016ko bigarren hiruhileko datuen arabera, okupatuak 903.900 dira, aurrekoan baino 9.300 gehiago (%+1), eta langabezia tasa %13,9, lehen hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago. Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera tasa %57,3 da 2016ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,2 puntu gainetik, Eustaten datuen arabera.

Okupazioaren handitzeak bi sexuei berdintsu eragin die (+4.700), eta herrialdeka, Bizkaian 7.700 eta Gipuzkoan 4.100 gehiago daude; Araban, aldiz, 2.300 okupatu gutxiago daude. Sektoreei dagokienez, Zerbitzuetan 10.400, Eraikuntzan 2.200 eta Lehen sektorea 700 okupatu gehiago daude, baina Industrian 4.000 gutxiago.

Okupazio tasa (16 urtetik 64 urtera bitarteko biztanle kopuruaren gainean landunen ehunekoa) %65,7 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,9 puntu gehiago. Gizonentzat %68,8 da okupazio tasa, eta emakumeentzat %62,5. Herrialdeka, okupazio tasarik altuena Gipuzkoak dauka, %67,6rekin, aurreko hiruhilekoan baino %1,4 puntu gehiago; Arabak %65eko okupazio tasa dauka (%1 puntu gutxiago), eta Bizkaiak %64,7koa (%1 puntu gehiago).

Bestalde, EAEko 872.400 (zenbatetsia) familia etxeetako heren batean ez dago pertsona aktiborik, eta 483.100 familia etxetan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 familia gehiago. Pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak 50.400 dira (guztien %5,8).

LANGABEZA

Halaber, langabeak, hots, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest daudenak, urteko bigarren hiruhilekoan 146.100 direla zenbatetsi da, aurreko hiruhilekoan baino 4.600 gutxiago. Gizonezko langabeak 78.600 dira (2.600 gutxiago), eta emakumeak 67.500 (2.000 gutxiago).

Urteko bigarren hiruhileko datuen arabera, langabezia tasa %13,9 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,5 puntu gutxiago. Gizonen langabezia %14,2ra jaitsi da (%0,5 puntu gutxiago), eta emakumeena berdin jaitsi da, %13,6ra. Gazteen langabezia tasak altuena izaten segitzen du, %31,8rekin (%2,3 puntu gutxiago), eta 16 eta 24 urte arteko 14.800 gazte aktibo langabezian daude.

Langabeen jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da, 3.800 langabe gutxiagorekin, eta langabezia tasa %10,7 da, aurreko hiruhilekoan baino %1,2 puntu gutxiago. Araban %14,5 langabezia dauka, eta 500 lagun gutxiago daude langabezian, guztira 22.800 izanik. Bizkaian 300 langabe gutxiago izan dira aurreko hiruhilekoaren aldean eta langabezia tasa %15,7 da.

Eurostat Europako Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, joan den maiatzean, 28-EBko langabezia tasa %8,6 zen, eta Espainiako Estatukoa %19,8.

Bestalde, azken urtean okupatuak gehitu eta langabeak jaitsi egin dira. Zehazki, EAEn 9.400 biztanle okupatu gehiago daude, 2015eko bigarren hiruhilekoaren aldean. Emakumeei eragin die batik bat okupazioaren handitzeak, 7.100 gehiago baitaude; gizonen kasuan, 2.300 gehiago daude. Halaber, langabezia tasa %1,3 puntuz jaitsi da, %15,2tik %13,9ra, eta 2015. urteko bigarren hiruhilekoan baino 14.000 langabe gutxiago daude EAEn.

GIZARTE SEGURANTZA

Halaber, EAEn Gizarte Segurantzako 834.300 hiruhilekoko batez besteko bazkide daudela zenbatetsi da. Haien arteko %98,3 okupatuak dira Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) irizpideen arabera, hau da, 819.900 lagun.

Zenbatetsitako batez besteko 834.300 bazkideetatik, 768.800 (%92,1) hiruhilekoan zehar etengabe edo aldi bateko eten batez bazkideturikoak dira, eta gainerakoak, 65.500, bazkide berriak edo 2016ko bigarren hiruhilekoan baja izan direnak.

NLE okupatuen %7,8 ez dira Gizarte Segurantzako bazkide (70.900) EAEn kokatutako enpresetan, eta funtzionarioen mutualitate publikoetakoak, beste erkidegoetako enpresetakoak edo bestelakoak izan daitezke.

Bestalde, EAEn 135.200 langabe daudela zenbatetsi da, batez beste eta Lanbiden erregistraturik, alegia, EAEn bizi eta inkestaren garaian Lanbiden erregistratuta langabe kategoriaren batean. Haietatik %71,7 langabeak dira NLEren definizioaren arabera. (96.900 langabe).

Lanbiden 135.200 langabe daude erregistratuta batez beste. Haietako %83,7 (113.200 langabe) erregistratuta egon da hiruhilekoan zehar edo gehienez bajaren bat izan du; gainerakoak, 22.000 pertsona, aurreneko aldiz erregistratu dira edo baja izan dira Lanbiden 2016ko bigarren hiruhilekoan. NLE langabeen %30,6 ez dago erregistratuta Lanbiden langabe gisa (44.700 pertsona), baina baliteke beste kategoriaren batean egotea.