EAEko langileen %70ek hitzarmena eguneratu gabe daukate

Actualizado: jueves, 28 mayo 2015 13:50

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langileen %70 inguruk lan hitzarmena eguneratu gabe zeukaten 2015eko lehen lauhilekoa bukatzean. Halaber, apirilean 19 hitzarmen kolektibo erregistratu ziren guztira, sektoreko lau eta enpresako 15, eta hitzarmen horiek 11.000 langile baino gehiago hartzen zituzten.

   Horrela, Lan Harremanen Kontseiluak emandako datuen arabera, 2015eko lehen lauhilekoa amaiturik, EAEko 161.075 langile (%29,4) zeuden indarraldi arrunteko hitzarmen kolektiboen babespean. Beste 288.348 langile (%52,5) hitzarmena berritzeko zain edo indarraldi luzatuko hitzarmenetan daude, eta 99.487 behargin (%18,1) berreskuratzeko zain dauden hitzarmen iraungietakoak dira.

   Euskal eremuan, enpresako 302 hitzarmen eta sektoreko 28 berrituta zeuden 2015ko lehen lauhilekoaren amaieran; enpresako beste 397 eta sektoreko beste 57, aldiz, luzaturik eta berritzeko zain zeuden; eta enpresako hamar hitzarmen eta sektoreko 23 iraungi egin ziren.

   Apirilean erregistraturiko hitzarmenetako bi lurralde arteko euskal eremuko sektoreko akordioak ziren: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko kudeaketa zuzeneko eskola jantokietako hitzarmenaren 2015erako luzapena, bere eraginpean 5.000 langile baino gehiago hartzen dituena, eta 1.600 pertsonari eragiten dien Osakidetzaren garbiketa zerbitzuko enpresa esleipedunena.

   Gainera, EAEn eragina duten Estatuaren eremuko beste bi hitzarmen sinatu ziren, haien artean higiezinen kudeaketa eta bitartekotzakoa nabarmenduz, ia 2.000 euskal langileri eragiten die eta. Enpresakoetan, Gipuzkoako Papresakoaren luzapena eta Bizkaiko Tecneco eta El Correokoak nabarmendu ziren. Araban apirilean ez zen bat bera ere sinatu.

SOLDATA ETA GATAZKAK

   Bestalde, 2015ean erregistratutako hitzarmenen batez besteko soldata igoera %0,73koa izan zen. Lan gatazkak zertxobait igo ziren apirilean, lan egin gabeko 4.396 egun eragin zituzten 21 greba egin baitziren; 2015. urte osoa aintzat hartuta, berriz, gatazkak asko jaitsi ziren.

   Urteko lehen hiruhilekoan EAEko BPGaren urte arteko igoera %2,2koa izan zen, barne eskariaren portaera onagaitik eta zerbitzuen sektoreak, %2,8 hazita, bultzatu egin zuelako. Eraikuntzak ez zituen urte arteko tasa positiboak 2007ren amaieratik eta %0,6 hazi zen, eta industriak geldotu egin zuen bere hazkunde erritmoa, urte arteko %0,2ko igoera izan zuelarik.

   Azkenik, apirilean enplegu erregulazioko 55 espediente aurkeztu zitzaizkion Administrazioari, espedienteon eraginpean 628 pertsona zeudelarik. Precon 32 gatazka aurkeztu ziren, eta euren eraginpean 13.955 pertsona zeuden.