EAEko ospitaleez kanpoko zentro publikoek 14,5 milioi kontsulta artatu zituzten 2009an, aurrekoan baino %0,5 gehiago

Actualizado: martes, 27 diciembre 2011 12:14

BILBO, 27 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitaleez kanpoko 472 zentro publikoetan 14,5 milioi mediku-kontsultari eman zitzaien arreta 2009. urtean, aurrekoan baino %0,5 gehiagori, hain zuzen ere. Horrela, biztanle bakoitza batez beste 6,7 aldiz joan zen medikuarenera 2009an, Eustatek landutako datuen arabera.

Osasun-laguntza ematen duten zentroetan, hots, oinarrizko arretan erreferentzia diren osasun-zentroetan izan zen bisita gehiago 2009. urtean (%63,6), eta gero anbulatorioetan edo espezialitateen zentroetan (%18,8), landa-inguruneetan ohikoagoak diren kontsultategietan eta zentro periferikoetan (%7,4), larrialdietako arreta zerbitzuetan (%5,4) eta lan-istripuetako mutuen laguntza zentroetan eta osasun mentaleko zentroetan (biak %2 inguru).

Osasunaren oinarrizko arretari lotutako espezialitateetan hurrengo datuak izan ziren: medikuntza orokorra eta familiako medikuntzak 10,3 milioi kontsulta izan zituen eta pediatriak 1,8 milioi, eta guztira, ospitaleez kanpoko osasun laguntzaren eskariaren %83 hartu zuten. Gainera, bi espezialitate horietan egin zuen gora emandako arreta kopuruak, 2008. urtearekin alderatuta; medikuntza orokorrak/familia medikuntzak, hala ere, gorakada txikiagoa izan zuen (%0,3), pediatriarekin konparatuta (%2).

Mediku-kontsulten gainerako %17 (2,4 milioi) arreta espezializatukoak izan ziren. Horien artean ondokoak nabarmendu behar dira: traumatologia (392.530 kontsulta), psikiatria (325.514), ginekologia (289.274) eta oftalmologia (228.776).

Eskari horri arreta eman ahal izateko, 8.061 pertsonak lan egin zuten 2009. urtean EAEko ospitaleez kanpoko sarean. Horietako %77,2 pertsonal sanitarioa izan zen (3.049 mediku eta 2.559 erizain). Ospitaleez kanpoko enpleguaren barruan, emakumezkoak izan ziren nagusi medikuen artean (%53) -bereziki pediatren artean (%70)-, eta are emakume gehiago izan zen erizainen artean (%92) eta pertsonal ez-sanitarioaren artean (%68).

Mediku bakoitzak urtean batez beste 4.810 kontsulta izan zituen. Medikuntza orokorreko/familiako medikuntzako medikuek (5.832) eta pediatrek (5.377) izan zuten kontsulta gehien; ondoren, eta tarte zabalarekin, dermatologoak (4.584 kontsulta), traumatologoak (3.774), oftalmologoak (3.575) eta, 3.400 kontsulta inguruko kopuruarekin, urologoak eta endokrinologoak zeuden.

2009. urtean, EAEko osasun publikoan guztira 577 milioi euro inbertitu ziren ospitaleez kanpoko osasun-laguntza emateko, hau da, 2008an baino %7,4 gehiago. Jarduera hori, bada, EAEko BPGren %0,9 izan zen. Gastu osoaren %97,2 (560 milioi euro) gastu arruntei zegozkien, eta %2,8 kapital gastuei (16,4 milioi). Gastu arrunten barruan, gainera, %85,3 langileen gastua izan zen.