EAEn 2009-2010 ikasturteko ikasleen %7,5 atzerritarrak izan ziren eta horietatik %77k ikastetxeko publikoetan ikasi zuen

Ikasle atzerritarrek presentzia txikia dute EAEn
Europa Press
Actualizado: jueves, 22 septiembre 2011 13:03

BILBO, 22 Sep. (EUROPA PRESS) -

Guztira 31.990 atzerritarrek eman zuten izena 2009-2010 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan, hau da, matrikulazio guztien %7,5 hartu zuten. Horietatik 29.303 ikasle Araubide Orokorreko Irakaskuntzan matrikulatu ziren, eta beste 2.687, aldiz, Araubide Bereziko Irakaskuntzan, Eustaten datuen arabera.

Orotara, 24.636 ikasle atzerritarrek EAEko ikastetxe publikoen sareko zentroetako batean matrikulatzea erabaki zuten, hots, guztien %77k; gainerako 7.354 ikasleek ikastetxe pribatuetara jo zuten. Horrek esan nahi du ikasle guztietatik %11k eta %4,3k, hurrenez hurren, aipatutako zentroetan ikasi zutela.

Joan den ikasturtearekin alderatuta, lehenik eta behin %9,1eko gorakada egon dela ikusten da. Horrez gain, gorakada edozein espazio-eremutan ikusten da, Arabako ibarretan eta Gernika-Bermeon izan ezik, toki horietan beherakada xumeak izan baitira.

Lurralde historikoei erreparatuz gero, Bizkaian biltzen dira ikasle atzerritar gehien (%51); ondoren dator Gipuzkoa (%27) eta azkenik Araba (%21). Eskualdeei dagokienez, hiriburuak hartzen dituztenak nabarmendu behar dira: Bilbo Handia (%41), Arabako Lautada (%20) eta Donostia (%13).

Datu esanguratsu gisa, Eustatek azpimarratu du hiriburuetan biltzen direla ikasle atzerritarren %50, honela banatuta: Bilbon %22, Gasteizen %19 eta Donostian %9,4.

Hezkuntza mailaren arabera sailkatuz gero, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetan (HLPP) eta Helduentzako Hezkuntzan biltzen da atzerritarren ordezkaritzarik handiena, aukera horiek jasotzen baitituzte matrikulazio guztien %32 eta %24, hurrenez hurren. Halaber, Hezkuntza Berezian, Erdi Mailako Lanbide Heziketan eta DBHn dauden kopuruak nabarmendu dira, neurri txikiagoan izan arren.

JATORRIA

Ikasle atzerritar gehienak Amerikatik iritsi dira (%48), eta horietatik %43 Hego Amerikakoak dira, %4 Erdialdeko Amerikakoak eta azkenik, %2 baino ez dator Ipar Amerikatik.

Afrikatik iritsitako ikasleek osatzen dute EAEko ikasgeletan presentzia handiena duen ikasle atzerritarren bigarren taldea (%27), eta Marokok proportzio handia hartzen du (%14).

Portzentaje txikiagoak hartzen dituzte Europatik (%19), Asiatik (%7) eta Ozeaniatik iritsitako ikasleek; azken horren kasuan, datua %0,08koa baino ez da.

EAEk seigarren postua du ikasle atzerritarren ehuneko txikienak dituzten Espainiako Estatuko erkidegoen artean, soilik Ceutak (%2,5), Extremadurak (% 3,2), Galiziak (%3,5), Asturiasek (%5) eta Andaluziak (%5,4) gainditzen baititu.

EAE Espainiako batez bestekoarekin alderatuta, hiru puntu beherago dagoela ikusten da, matrikulatutako kopuru orokorrari zein Araubide Orokorreko Irakaskuntzan ikasten dutenei dagokienez. Araubide Bereziko Irakaskuntzan ikasten duten ikasleen ehunekoari dagokionez, batez bestekoaren gainetik dago, baina aldea txikia da, ez da ehuneko puntu batera iristen (0,8 puntu).

Bestalde, hauek dira beste nazionalitate batzuetako ikasle gehien dituzten autonomia erkidegoak: Balear Uharteak (%15), Errioxa (%14) eta Madril (%13), eta EAEarekin alderatuta 9, 8 eta 7 puntuko aldea dute, hurrenez hurren.