EAEn 2.400 langabe gutxiago eta 8.300 okupatu gutxiago izan ziren 2016ko laugarren hiruhilekoan

Langabe eta okupatu gutxiago iaz EAEn
OXFAM
Actualizado: viernes, 20 enero 2017 11:05

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %12,6 zen 2016ko laugarren hiruhilekoan, hirugarren hiruhulekoan baino hamarren bat gutxiago, 2.400 langabe gutxiago erregistratu ondoren.Gainera, okupatuak 903.000 ziren, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 gutxiago (%-0,9), Eustaten datuen arabera.

Joan den urteko laugarren hiruhilekoan 16-24 urte bitartekoen artean izan zen okupazioaren jaitsierarik handiena, 5.700 okupatu gutxiagorekin, hau da, okupazioaren jaitsieraren %69. Aldi baterako kontratudun soldatapekoak edo kontraturik gabeak (-4.600) edo ez soldatapekoak (-2.800) ziren.

Okupazioaren jaitsierak gizonei eragin die batik bat, aurreko hiruhilekoan baino 11.100 gutxiago baitziren, emakume okupatuak 2.800 gehiago ziren bitartean. Herrialdeka, Bizkaian 6.600 okupatu gutxiago zeuden, eta Gipuzkoan 4.200 gutxiago; Araban, aldiz, 2.400 gehiago.

Okupazioa jarduera sektore guztietan jaitsi zen. Horrela, Industrian 5.900 okupatu gutxiago zeuden, Zerbitzuetan 2.000 gutxiago, eta Lehen sektorean 400 gutxiago. Eraikuntzan lehengoan iraun zuen.

Okupazio tasa, hau da, 16-64 urte bitarteko biztanle kopuruaren gainean landunek duten portzentajea, %65,9 zen iazko laugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,3 gutxiago. Gizonentzat %69 zen okupazio tasa, eta emakumeentzat %62,7. Herrialdeka, okupazio tasarik altuena Gipuzkoak zuen, %67,6rekin, aurreko hiruhilekoan baino %0,6 puntu gutxiago; Arabak %66,9ko okupazio tasa zuen (%1,3 puntu gehiago), eta Bizkaiak %64,5 (%0,7 puntu gutxiago).

Halaber, 2016ko laugarren hiruhilekoan zenbatetsi zen EAEn 872.300 familia etxe zeudela, eta horietako 591.800etan pertsona aktiborik bazela (aurreko hiruhilekoan baino 4.800 gutxiago). Erdia pasatxoan pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, aurreko hiruhilekoan bezalatsu, eta 49.900 familia etxetan ez zegoen landunik, aurrekoan baino 1.900 gehiago. Aktiborik gabeko familia etxeak 280.500 ziren (4.800 gehiago).

LANGABEZIA

Bestalde, langabeak, hots, lan bila aktibo aritu eta lanerako prest daudenak, 2016ko laugarren hiruhilekoan 129.300 zirela zenbatetsi da, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gutxiago. Emakume langabeak 63.200 ziren (4.000 gutxiago), eta gizonak 66.100 (1.500 gehiago).

Iazko laugarren hiruhileko datuen arabera, langabezia tasa %12,5 zen, aurreko hiruhilekoan baino %0,1 puntu gutxiago. Emakumeen langabezia %12,8ra jaitsi zen (%0,8 puntu gutxiago), eta gizonena %12,2ra gehitu (%0,5 puntu gehiago). Gazteen langabezia tasak altuena izaten jarraitu zuen, %24,8ko tasarekin (%0,8 puntu gutxiago), 16-24 urte bitarteko 9.400 gazte aktibo langabezian izanik.

Herrialdeka, langabeen jaitsierarik handiena Araban izan zen (5.000 gutxiago), eta langabezia tasa %10,8 zen, aurreko hiruhilekoan baino %3,1 puntu gutxiago. Bizkaian %14ko langabezia tasa zegoen, 1.000 langabe gutxiagorekin, guztira 75.700 izanik. Gipuzkoak %10,9ko langabezia tasa zuen, aurreko hiruhilekoan baino 3.500 langabe gehiago.

Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, 2016ko azaroan, 28-EBko langabezia tasa %8,3 zen, eta Espainiakoa %19,2.
Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera tasa %56,4 zen 2016ko laugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,6 azpitik.

EAEko biztanle okupatuak 8.100 gehiago ziren 2016ko laugarren hiruhilekoan, 2015ekoaren aldean. Emakumeei eragin zien batik bat okupazioaren handitzeak, 5.500 okupatu gehiagorekin; gizonen kasuan, 2.600 gehiago zeuden. Langabezia tasa %2,2 puntu jaitsi zen azken urtean, %14,7tik %12,5era, eta 2015eko laugarren hiruhilekoan baino 25.500 langabe gutxiago zeuden EAEn iazko azken hiruhilekoan.