EAEn ematen diren errezeten %95 elektronikoak dira

Errezeta elektronikoak bi urte bete ditu EAEn
Europa Press
Actualizado: martes, 29 diciembre 2015 13:46

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) errezeta elektronikoa edo e-rezeta ezarri zenetik bi urte igaro dira eta tarte horretan 65 milioi errezeta baino gehiago agindu dira. Hala, EAEko 827 farmaziek eta 23 botikinek, batez beste, egunean 100.000tik gora errezeta elektroniko ematen dituzte astegunetan, eta ematen diren errezeta guztien %95 elektronikoak dira.

   Orain, garapena eta hedadura koska bat handitu dira, abian jarri baita errezetaren ezarpena Euskadiko zaharren egoitzetan eta egoitza soziosanitarioetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek Gobernu Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez.

   Osasun sailburuak nabarmendu du errezeta elektronikoa oso hedatuta dagoela Osakidetzan, farmazia bulegoetan eta herritarren artean, eskaintzen dituen segurtasuna, eskuragarritasuna, gardentasuna eta eraginkortasuna kontuan hartuta.

   Errezeta elektronikoak edo e-rezetak "aldaketa kulturala eta soziala" ekarri du, IKTak sartu baititu, eta herritarrek "oso balorazio ona" egin dute. Nabarmendutako alderdiak dira pazienteei eskaintzen dien segurtasun klinikoa, agindutako botikak nahastea ekiditen duelako, eta tratamenduak, batez ere luzeak, ikuskatzeko eta egokitzeko aukera ematea, etxebizitzan botikak pilatzea saihesten duelako, bilketa hilean behin egiten baita, hiru hilean behin egin ordez.

   Halaber, "positiboa" da Osakidetzako zein farmazia bulegoetako profesionalen balorazioa, botikak agintzeko eta banatzeko kudeaketa sistema berriak egitekoak nabarmen erraztu baitizkie, eredu igarleak eta laguntzak barne hartzen dituzten puntako erremintak eskura dituztelako.

BESTE URRATS BAT

   Orain, errezeta elektronikoak "beste urrats bat" eman du aurrera zaharren egoitzan eta egoitza soziosanitarioetan ezartzeko bidean. Guztira, 280 egoitza dira, 18.000 paziente dituztenak.

   Uda honetan abian jarritako programa pilotua ikusita, Osasun Sailak egokitzat jo du lehen fasea Gipuzkoako hiru egoitzatan abiaraztea. Matia Fundazioaren mendeko Juan Rezola, Txara I eta Argixao dira programa abian jarriko duten lehenak, eta horrek dituen abantailei probetxu atera ahal izango diete. Ezarpena era mailakatuan egingo da 2016an zehar lehen urrats horren ondotik, Euskadiko gainerako egoitzetan sistema hori bera ezarriz.

   Egoitza horietan errezeta elektronikoa garatzearen aurrekari da Osakidetzak Historia Klinikoa zaharren egoitzen eta egoitza soziosanitarioen esparruan era partekatuan erabili ahal izatea eskaini izana aurten, erabiltzaileen diagnostikoak eta tratamendua hobetzea eragiten duenez.

   "Aurrerapen horiek guztiak kontuan hartuta, beraz, errezeta elektronikoa pazienteentzat onuragarria izateaz gain, hobekuntza nabarmena da kudeaketan eta eraginkortasun ekonomikoan; izan ere, sistema modernizatzeko eta jasangarri izateko lagungarria da", azaldu du.