EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

EiTB Focus inkesta
EITB
Actualizado: viernes, 2 junio 2017 16:26

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain egingo balira, Euskal Irrati Telebistak (EiTB) boto asmoari buruz eta beste zenbait gairi buruz galdetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egindako EiTB Focus inkestaren datuen arabera.

Gizaker enpresak EiTBrentzat egin duen inkesta burutzeko, EAEko hiru lurraldeetako 1.750 pertsona galdekatu dituzte euren boto asmoaren berri jakiteko, hiru foru aldundietan legegintzaldiaren erdira iritsi direnean. Landa lana maiatzaren 16tik 20ra egin da, telefono bidezko elkarrizketen bitartez. Gasteizen 400 elkarrizketa egin dira, eta Arabako gainerako udalerrietan 150, Bilbon eta Donostian ere 400na egin dira, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan 200na.

Horrela, Araban, EAJ bigarren izatetik lehen postura igaroko litzateke botoen ehunekoari dagokionez. EH Bildu hirugarren indar izatetik bigarren izatera igaroko litzateke, eta PPk behera egingo luke, lehen postutik hirugarrenera. Elkarrekin Podemos koalizioa ere jaitsi egingo litzateke, eta PSE-EE eta Ciudadanos, berriz, apur bat igo.

Bizkaian, EAJk irabaziko luke berriro, eta bigarren indarra den EH Bilduri ateratzen dion aldea areagotuko luke. PSE-EEk bere postuari eutsiko lioke, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk behera egingo lukete, boto asmoari dagokionez.

Gipuzkoan ere EAJ gailenduko litzateke, eta oraingoan zazpi puntuko aldea aterako lioke EH Bilduri. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk behera egingo lukete boto asmoari dagokionez.

Bestalde, behin legealdi erdira helduta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietan izandako kudeaketaren gaineko iritziari dagokionez, biztanleen %79,1ek ontzat jo du orain arte egindako lana. Gainera, biztanleek, batez beste, 10etik 6,2ko nota eman diete hiru foru aldundiei.

Ahaldun nagusien gaineko iritziaz galdetuta, 10etik 6 puntu edo gehiago lortu dituzte: Unai Rementeria Bizkaikoak 6,4 (ezagutza %69,4), Markel Olano Gipuzkoakoak 6,0 (ezagutza %72,7) eta Ramiro Gonzalez Arabakoak 6,0 (ezagutza %54,0).

Azkenik, EAJ eta PSE-EE alderdiek hiru aldundietan egindako gobernu itunek biztanleen %57ren onespena erdietsi dute, 10etik 5,3ko batez besteko notarekin (Araban 5,2, Bizkaian 5,3 eta Gipuzkoan 5,2).