Edna Lopez eta Susana Vallejo dira Haur eta Gazte Literaturako Edebe sariaren irabazleak

Actualizado: miércoles, 26 enero 2011 19:04

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Edna Lopez kanariarra, "En busca del Tesoro de Kola" izeneko bere lehen lanarekin, eta Susana Vallejo madrildarra, "El espíritu del último verano" lanarekin, izan dira, hurrenez hurren, Haur eta Gazte Literaturako Edebe Sariaren 19. edizioko irabazleak.

Haur-sariaren irabazlearentzat guztizko literatura-estreinaldia da; gazte sariaren irabazlearentzat, berriz, berrespena, finalista izan baita beste zenbait saritan, lehiaketa antolatzen duen Edebe Taldeko iturriek jakinarazi dutenez.

Antropologoaren grinaz, Edna Lopezek, haur kategoriako irabazleak, unibertso magiko eta harrigarria azaltzen du bere obran, norbaitek noiz iratzarriko dituen zain dauden misterioz betea. Itxurak engainagarri dira, ordea; elementuak batzuk besteen ostean ezkutatzen dira; baina bada besterik. Haur baten esku izango da Kolako Altxorrak ezkutatzen dituen esanahi guztiak aurkitzeko eta dezifratzeko erabakia.

Bestalde, Susana Vallejo izan da irabazle gazteentzako eleberriaren kategorian, oraingoan zientzia-fikziotik urrunduz (arlo horretan jardun ohi baitu). Vallejok paradisu galduez idatzi nahi zuen, horietako baten suntsipena abiapuntutzat hartuta. Autobide baten eraikuntza, Kataluniako kostaldean: horra abiapuntua. Induskagailuekin batera, "zuhaitzaren etxearen" eta hango oroitzapen guztien amaiera dator. Garai baten, leku baten nostalgiak emango dio hasiera bilaketa pertsonal bati.