Efren Vazquez Moto3ko Munduko Txapelketan ariko da Team Laglisse taldeko Honda batekin

Efren Vazquezek Honda bat gidatuko du datorren urtean Moto3n
RACING TOLUA
Actualizado: martes, 20 diciembre 2011 12:42

BILBO, 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

Efren Vazquez moto-gidari bilbotarrak Laglisse Team taldearen proposamena aukeratu du zenbait aste negoziatzen aritu ondoren, datorren urtean Moto3 kategoriako (lehengo 125cc) Munduko Txapelketan parte hartzeko. Horrela, Errekaldeko pilotuak seigarren denboraldia egingo du Munduko Txapelketan eta oraingoan Honda bat gidatuko du.

"Abiadurako Espainiako Txapelketan eta 4T motoetan esperientzia handia duen talde batek ematen digun aukera aprobetxatea da. Gainera, bete-beteko arduraldia ziurtatu digu", azpimarratu du Vazquezek.

Team Laglisse taldeak Espainiako zenbait txapelketa irabazi ditu eta orain Munduko Txapelketara egin du jauzia ilusioz eta anbizioz. "Oso ongi ezagutzen dugu mundu hau eta talde lehiakorra izateko gai gara. Munduko Txapelketara moldatzeko bermea den ezagutza profesionala dugu", adierazi du taldeko zuzendaria den Jaime Fernandez Avilesek.

"Efrenek badaki zer den Munduko Txapelketako podiumean egotea eta aurreko postuetan borrokatzera ohihuta dago. Datorren urtean behin betiko jauzia egin nahi du eta guk horretarako behar duen guztia emango diogu", ziurtatu du.

Bestalde, Efren Vazquez ziur dago erabaki egokia hartu duela, oraindik aurrekontua itxi ez duten arren. "Pauso hau eman behar genuen, datorren urtean aurrean egoteko aukerak izateko jada lanean hasi behar dugulako", azpimarratu du.

Beste behin, Errekaldeko pilotuak Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango du, eta laster enpresa garrantzitsu batzuk gehitu nahi dizkio babes horri, "harremanak irekita" baitaude.

Helburuei dagokienez, Vazquezek onartu du "etapa berria" dela, "talde eta kategoria aldaketarekin, eta horregatik konpondu beharreko zalantza asko daude". "Momentuz, lankide izango dudan jendea ezagutu nahi dut eta 2012an gidatuko dudan motoari lehen begirada eman nahi diot", azaldu du.