EGAB Gazteriaren Euskal Legearen Aurreproiektuaren alde agertu da, une batzuetan "interbentzionistegia" den arren

Actualizado: martes, 26 abril 2011 14:33

BILBO, 26 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak (EGAB) Gazteriaren Euskal Legearen Aurreproiektuaren aldeko irizpena egin du. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bidali dio.

Gazteriari buruzko politika integrala bultzatzeko administrazio publikoen eskumenak eta funtzioak artikulatu beharrari erantzutea da ekimen honen helburua. Politika honetan, batetik, gazteriaren autonomia, emantzipazioa eta gizarte-integrazioa ahalbideratzeko neurriak sartzen dira, eta bestetik, gazteen sustapena, gazteentzako jardueren, zerbitzuen eta ekipamenduen bitartez.

EGABek "positibotzat" jo du lege berria, batez ere gazteriak momentu zaila bizi duen honetan (langabezi tasa handia, gizartean benetako protagonismoa duen belaunaldi bat sortzeko zailtasunak). Gazteriari buruzko politika globalen diseinua planteatu du arauak, gazteek dituzten arazoei aurre egin ahal izateko, kolektiboan eragina duen araudi sorta zabala argituz. Zentzu horretan, batzordeak "egoki" ikusi du ekimen hau, baina uste du une jakin batzuetan "interbentzionistegia" dela.

EGABen arabera, gazteriaren politikaren kontzeptua zabaltzearekin batera, hiru helburu handi definitu dira: gazteen autonomia eta emantzipazioa erraztea; gazteak sustatzeko zerbitzuak eta ekipamenduak eskaintzean gutxieneko kalitatea bermatzea (hemen Gazteriaren Euskal Sistemaren sorrera sartzen da); eta euskal gazteriaren partaidetza eta mintzakidetza bideak zabaltzea, bide iraunkorrak sortuz.

EGABek ez du zalantzarik lehenengo helburuaren inguruan, baina bigarrenari eta hirugarrenari buruz zenbait zalantza ditu. Horrela, uste du egokia dela Gazteriaren Euskal Sistema sortzea, baina ohartarazi du sistema honi diru nahikoa eman behar zaiola, beharrezkoak diren bitartekoak eta tresnak abian jarri ahal izateko. Hirugarren helburuaren kasuan (parte hartzeko bideak areagotzea), kontsulta erakundearen ustez "tamalgarria" da testuan ez zehaztea zeintzuk diren parte hartzeko bideak.

Azkenik, EAEko EGABek nabarmendu du legeak ez duela Euskadiko Gazteria Kontseilua aipatzen (1986an sortu zen, legez), ezta erakunde horrek bere 25 urteetan egin duen lana ere.