Eguraldia.- Hobera egingo du ostiralean

Actualizado: jueves, 20 julio 2017 17:18

BILBO, 20 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean, uztailaren 21ean, eguraldiak hobera egingo du. Dena dela, goizean behe hodeiak oraindik ere ugariak izango dira eta euria egin dezake. Goizak aurrera egin ahala, eta batez ere arratsaldean, egoera hobetuz joango da eta ostarteak zabalduko dira, bereziki hegoaldean.

Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak ostegun honetakoak baino 2 edo 4 gradu altuagoak izango dira. Hiriburuetan, Bilbon 17 gradu espero dira gutxienez eta 22 gehienez, Donostian 16 gutxienez eta 22 gehienez, Gasteizen 13 gutxienez eta 25 gehienez eta Iruñean 14 gutxienez eta 27 gehienez.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-osagaitik finkatuko da, 3ko indarrarekin. Itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bete inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 01:26an eta 13:52an izango dira, eta itsasbeherak 07:24an eta 02:02an. Uraren tenperatura 22-23 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.